Bi urteren ostean, bueltan da Zubiaren esentzia
Aurten, Nestor Basterretxea aretoan barik, antzinako arrantzaleen kofradian jarri ditu lanak ikusgai Enrike Zubiak; akrilikoekin bete ditu hormak, eta urteetako bozetoak ere ikusgai jarri ditu.
Bi urteren ostean, Enrike Zubia artista bermeotarrak egindako azken lanak ikusteko aukera daukate bermeotarrek zein bisitariek. Zubiaren esentziaz beteta daude antzinako kofradia zaharreko hormak; izan ere, oraingoan, Nestor Basterretxea aretoan barik, frontoi ondoko aretoan bisita daitezke haren lanak.
Aurrekoetan baino lan gehiago jarri ditu ikusgai aurtengo erakusketan; «bi urtez erakusketarik jarri barik, gehiago dago erakusteko. 55 lan inguru jarri ditut. Oraingoan tamaina txikiko hainbat lan ekarri ditut erakusketara, opari modura saltzeko egokiak izan daitezkeenak».
Akrilikoak ikusi daitezke erakusketan, eta pintzel leunagaz margotzen jarraitzen duela jakitera eman du. Olioak beste kalitate batzuk dituela uste badu ere, akrilikoa erakutsi du oraingoan. Itsasoa, arrantza, arrantzaleak… margotzea du gustuko, eta nabaria da bere lanetan: «Gura barik ere ateratzen zait. Uste dut bezeroei itsasoa gustatzen zaiela, niri gustatzen zaidan modura. Nire gauza izan daiteke».
Bermeotarraren hainbat bozeto ere ikusgai daude: «Semea ibili da handik eta hemendik bila, eta ezkutuan egon direnak ere atera ditu. Zirriborroak ikusi daitezke, nire burutik ideiak ez aldentzeko egiten ditudanak. Gero, baina,inprentatik pasa ditu, eta erliebe modura daude orain. Polito geratu dira».
Pandemia garaian lana izan duela dio. Besteren artean, kiroldegiko igerilekurako horma-irudia egin du, eta koadro handi batzuk ere egin behar izan ditu. Orain, beste horma-irudi bat egiten ari dela dio, txoko baterako: «Ondo joan zait».
Herritarrei bere lanak erakusteko gogotsu egon dela dio; «lanak egiten ditugu, eta horri irtenbidea eman behar zaio». Egunez, eguzkiagaz, lanak ez direla «horren ondo» ikusten dio, iluntzean, argiak piztu eta «hobeto» ikusten direla gaineratuta.
Erakusketagaz gustura dagoen galdetuta, ezetz dio: «Beti gertatzen zait. Behin jarrita, ez da nik aurretik pentsatuta nuena. Exijentzia maila altua daukadala esaten didate».
Urtarrilaren 9ra bitartean bisitatu daiteke erakusketa: astelehenetik barikura, 19:00etatik 21:00etara bitartean; asteburu eta jai egunetan, 13:00etatik 14:30era bitartean eta abenduaren 24an eta 31n eta urtar