Aire zabalean ere derrigorrezkoa izango da maskara soinean eramatea
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jakinarazi du lege dekretu baten bidez onartuko dutela agindua. Urkulluk eskatu du tabernak eta dendak 21:00etan ixtea abenduaren 24an, 25ean, 31n, urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jakinarazi du kanpoaldean maskararen erabilera nahitaezkoa izango dela berriro. Gaur [abenduak 22] egin den Espainiako autonomia erkidegoen presidenteen konferentzian iragarri du proposamena, eta esan du biharko [abenduak 23] deituta dagoen ezohiko ministro kontseiluen bileran onartuko dutela, lege dekretu baten bidez.
Pandemiaren seigarren olatuaren bilakaera ikusita antolatu zuen agintari espainiarrak gaurko bilkura, eta bertan txertaketa ere hizpide izan du; txertaketa prozesua areagotzea era azkartzea nahi duela azpimarratu du. Zentzu horretan, honako helburuak zehaztu ditu:
- 60-69 adin tartean, biztanleriaren % 80k hirugarren dosia jasotzea urtea bukatu baino lehen.
- 50-59 adin tarteko herritarren % 80 txertatua egotea urtarrilaren 24ko astean.
- 40-49 adin tarteko biztanleen % 80 martxoko lehen astean.
Haurren txertaketari dagokionez esan du otsailaren 7ko asterako 5 eta 11 urte bitartekoen %70 lehen dosi pediatrikoa hartuta egotea nahi dutela, eta portzentaia berean bigarren dosiarekin apirilaren 19ko asterako.
Era berean, Sanchezek berretsi du, Osasun Publikoaren Batzordeak erabaki zuen bezala, kutsatutako pertsona batekin zuzeneko kontaktua izan duten pertsonek ez dutela berrogeialdirik egin beharko, baldin eta pauta osoa jarrita badute.
Abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an komertzioek eta ostalaritzako establezimenduek ezingo lukete zabaldu 08:00ak baino lehenago
Zazpi erkidegotako presidentek eskatu diote Sanchezi maskara derrigorrez jartzera behartzeko, eta horien artean zegoen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Urkulluk, gainera, ostalaritzako establezimenduen eta komertzioen ordutegiak mugatzea eskatu du ospakizun egunetan: abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an. Ostalaritzako establezimenduek egun horietan 21:00etan ixtea nahi du Jaurlaritzak. Horrez gain, urtarrilaren 31ra arte tabernetan zutik kontsumitzea debekatu nahi du, eta gehienez ere hamar lagun elkartzea.
Abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean salbuetsita geratuko lirateke jatetxeak, eta 23:30ak arte irekita mantentzeko aukera izango lukete. Ordu mugatik kanpo geratuko lirateke gasolindegiak, zerbitzuguneak eta farmaziak. Ez, ordea, hotelak, landetxeak apartamentuak eta gisakoak. Horietan ere 23:30era arteko tartea izango lukete afariak emateko.
Eguberrietarako onartzea nahi duen neurriez gain, beste zenbait hartzea ere nahi du Urkulluk
Gainera, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an komertzioek eta ostalaritzako establezimenduek ezingo lukete zabaldu 08:00ak baino lehenago. Neurri horrek ez lieke eragingo gasolindegiei, zerbitzuguneei, farmaziei, ezta hoteletako jatetxeei ere. Eusko Jaurlaritzak Eguberrietarako emandako gomendioen ildo beretik, Urkulluk nahi du Gabonetako ospakizunetako bilkuretan gehienez ere hamar lagun edo bi familia unitate elkartzea. Neurri hori gomendioa izan dadin proposatuko du.
Urkulluk ez du nahi neurriok Gabonetara mugatzea; 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago dituzten herrietan neurri horietako batzuk urtarrilaren 31ra arte indarrean izatea nahi du. Eguberrietarako onartzea nahi duen neurriez gain, beste zenbait hartzea ere nahi du, aire zabalean maskara jartzera derrigortzeaz gain: establezimendu komertzial, sozial eta kulturalak gehienez ere 1:00ak arte zabalik izatea eta leku itxien edukiera gehienez ere %60koa izatea.
Kirol eta kultur jarduerei dagokienez, berriz, leku itxietan gehienez ere 600 lagun biltzea jasotzen du Jaurlaritzako lehendakariaren proposamenak, eta 800, kanpoaldeetan. 1.600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten lekuetan 800 lagun bildu ahalko lirateke gehienez espazioa itxia den kasuetan, eta 1.200, kanpoaldean dagoenetan. 5.000 lagun edo gehiagoko espazioetan, aldiz, edukiera %50ekoa izango litzateke gehienez.