Jose Ramon Etxebarriak Manuel Lekuona saria jaso du
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Etxebarriak euskararen alde egindako lana nabarmendu zuen sari banaketan. Etxebarriagaz batera, Xabier Amuriza saritu zuten.
Jose Ramon Etxebarria ingeniari eta fisikari gernikarrak eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazle zornotzarrak Manuel Lekuona saria jaso zuten atzo. 2020ko eta 2019ko aitorpenak dira, hurrenez hurren, eta Bilboko Kafe Antzokian jaso zituzten.
Gernikarrak zeregin garrantzitsua izan du euskararen normalizazioan zientzietako goi mailako hezkuntzaren arloan, eta lan hori aitortu gura izan du Eusko Ikaskuntzak. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Etxebarriak euskararen alde egindako lana nabarmendu zuen sari banaketan, eta normalizazioaren alde unibertsitateko ikerkuntzaren eta irakaskuntzaren esparrutik gernikarrak eskainitako laguntza azpimarratu zuen. “Komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu du, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz”.
Ingeniari eta fisikariak lankideekin partekatu du saria; hau da, euskaltzale, irakasle eta ikertzaile lanetan beragaz beharrean aritu direnekin. Halaber, eguneroko jardunean euskaraz hitz egiten duen komunitate zientifiko bat dagoela adierazi zuen atzo Etxebarriak, baieztapen hori datu zehatzekin irudikatuz. Bestalde, euskarak, gizarteko bizimodu arruntean, euskaldunek irauteko behar duten den-dena esateko ahalmena” daukala ere esan zuen: “Eta gaitasuna du, baita ere, oraindik existitzen ez dena esateko… edo asmatzeko ere”. Bere hitzaldian, Eusko Ikaskuntzaren goiburuarekin erabat idetifikatuta dagoela aitortu zuen: “Txikiak handia benzi leidi / Asmoz ta Jakitez”.
Euskara eta zientzia uztartu ditu Etxebarriak bere ibilbide osoan. Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1970eko hamarkadaren hasieran ekin zion fisika eskolak emateari unibertsitatean. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat da, doktore tesia euskaraz egin zuen lehenengoetarikoa izan zen, eta liburu eta artikulu ugari idatzi ditu. Euskaltzain urgazlea ere bada 2016tik.
Amuriza da Manuel Lekuona saria jaso duen lehen bertsolaria, eta duela urte biko saria jaso zuen atzoko ekitaldian. Urkizak saritua “erreferentetzat absolututzat” definitu zuen, “bertsolaritzan irakasle, teorialari eta ikertzaile gisa egindako lanagatik”; Amurizak olerkari, eleberrigile, saiakeragile, artikulugile eta itzultzaile modura egindakoa ere azpimarratu zuen. Halaber, musikaren alorrean bertsolariak egindako ekarpenak eta diktaduran hartu zuen konpromiso sozial eta politikoa adierazi zuen.
Bertsolariak zorionekoa dela aitortu zuen atzo, zahartu eta esperientzia pozgarri batzuez gozatu ahal izan duelako. “Saritutako izenen zerrendan nire burua ikusita, nire utopia betetzen ari dela uste dut”, adierazi du.
Urkizaren ustez, bi figura horiek hitzarekin egiten dute lan: “Hitza ezagutzarako eta komunikaziorako; aditza sentiberatasunaren eta kulturaren, zientziaren eta Euskal Herriko kontzientziaren zerbitzura”.