Umeen jolasteko eskubidea bermatzea helburu
Umeen jolasteko eskubidea bermatu gura du Bizkaiko Gurutze Gorriak, eta hori bultzatzeko 'Jostailu hezitzailea' kanpaina abiatu du. Ekimen orokor horregaz bat egin du Maierrek, eta astebetean ehunka jostailu bildu dituzte.
“Jostailurik gabeko umerik ez”. Beste urte batez, umeen jolasteko eskubidea bermatu gura du Bizkaiko Gurutze Gorriak, eta hori bultzatzeko bilketa kanpaina abiarazi du: Jostailu hezitzailea. Helburua Bizkai, Araba eta Gipuzkoan joko eta jostailu biltzea da, eta ekimen orokor horregaz bat egin du Maierrek.
Gabonetan, haur eta gazte askok jasotzen dituzte euren garapenerako horren garrantzitsuak diren jolasak. Aurten, baina, familia askorentzat ez da erraza izango tresna eta baliabide horiek etxean edukitzea. Hori horrela, azken urteetan egin legez, Gurutze Gorriak jostailu bilketa jarri du martxan, “12 urtera arteko umeen eskubideak bermatzeko”. Izan ere, haur guztien eskubideak “jokoan” daudela deritze, eta ume guztiek eskubide berberak izatea dute helburu.
Ekimen orokor horregaz bat egin du Maierrek. Lucie Guyot Maierreko lankide ohiak ereindako hazia loratu da automobilgintzako osagaiei eskainitako kooperatiban. Astebetean ehunka jostailu jaso dituzte kooperatiba aurrean jarritako edukiontzian. “Kanpainaren berri eduki genuenean gure lankideei zabaldu genien mezua, eta astebetean bikain erantzun dute. Euren ekarpena esanguratsua izan da”, adierazi dute Maierreko lankideek.
Bizkaiko familia behartsuei laguntzeko asmoz bat egin zuten ekimenagaz: “Ahal dugun ekarpena egitea oso garrantzitsua da. Gure inguruan egoera zaurgarrian dauden familietako umeei laguntzeko bildu ditugu jostailuak, euren beharrizan horri aurre egiten laguntzeko”. Eta “pozik” daude jaso duten guztiagaz, baina adierazi dute eguenera bitartean ekarpenak jasotzen jarraituko dutela.
Egunetik egunera, Gurutze Gorriak artatzen dituen familia askoren “egoerak okerrera” egin du COVID-19ak eraginda, eta, horregatik, kanpaina honek “are garrantzia handiagoa” duela diote Gurutze Gorriko kideek. Izan ere, haur eta gazteentzako aisialdi iturri izateaz gain, euren komunikazio abileziak hobetzen edo elkarren artean erlazionatzen laguntzen diete jostailuek.
Premisa hori oinarri hartuta, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 11.427 joko eta jostailu –5.000 Bizkaian, 5.427 Gipuzkoan eta 1.000 Araban– biltzea da helburua, betiere berriak, ez-sexistak eta ez-belikoak badira. Horiekin, jolas osasungarri eta aberasgarriak sustatu gura dituzte, kalteberatasun egoeran dauden eta jolaserako eskubidea bermatuta ez duten 3.909 haurren familiei laguntzeko; kalteberatasun egoeran dauden 1.500 familia daude Bizkaian, 1.809 Gipuzkoan eta 600 Araban.
Eskubidea da jolasa.
“Jolasa eskubide bat da, eta horrela dago jasota haurren eskubideetan”, gogoratu dute Gurutze Gorrikoek. Hain zuzen, eskubide hori haur guztiei bermatzea da euren asmoa. “Baina jostailu bat ematetik haratago joan behar dugula uste dugu. Jolasaren eta jostailuaren balioa ulertzeko maila guztietako sentsibilizazioaren aldeko apustua egitea da ekimen honen zutabea”, adierazi du Eneko Kanpandegi Euskadiko Gazteen Gurutze Gorriko zuzendariak. Izan ere, uste du jostailuak eta jolasak “funtsezko” garrantzia dutela haurren sozializazio eta ikaskuntza prozesuan, “balioen transmititzaile direlako”.
Hain zuzen, jostailu ez-beliko, ez-sexista eta hezitzaileak bilatu dituzte, errespetu eta lankidetza jarrerak bultzatzeko. “Jolasaren bidez ezagutza eta portaerak berenganatzen dituzte, eta haurrek jostailu hezitzaileak erabiltzea sustatzen badugu, hainbat balio bultzatuko ditugu, hala nola sorkuntza, tolerantzia, dibertsitatea, errespetua edo berdintasuna”.
Jostailuak gaitutako bilketa puntuetan eta Gurutze Gorriko egoitzetan entregatzeaz gain, ekarpenak egiteko beste bide batzuk jarri ditu Gurutze Gorriak. Osasun egoera tarteko, ekarpen ekonomikoak jasotzeko bidea ere ireki du. Bizum aplikazioa baliatuko dute horretarako; 38061 kodea sartu beharko da. Mezu bidezko ekarpenak ere egin daitezke: ‘Jostailu’ hitza 38088 telefono zenbakira idatzita hiru euroko ekarpena egingo da.
Produktuek zehaztapenak betetzen dituztela egiaztatutakoan, Gazteen Gurutze Gorriak hartzaileen adinaren eta abilezien arabera sailkatuko ditu. Bideratu behar diren premien arabera, kalteberatasun egoeran dauden haurrak dauzkaten familiak hartzen dituzte boluntarioek, eta balorazio bat egiten dute, adingabe bakoitzaren banakako premiak zein diren jakiteko eta “eurei hobeto egoikitzen zaien jokoa edo jostailua entregatzeko”.
Ekarpen guzti horiek jaso egin behar dira, eta boluntarioen beharra dago horretarako. Haurrek atsedenerako eta aisialdirako, jolaserako eta euren adinari berez dagozkion “olgetako jardueretarako duten eskubidea” zaintzen dute boluntarioek, “aisialdiak eta astialdiak haurtzaroan duten garrantzia sustatuz”.