Murueta, Bizkaiko txapeldunorde
Emakumezkoetan zein gizonezkoetan Gaztedi geratu da txapeldun.
Hiru jardunalditan erabaki da Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, eta Murueta Sokatira Taldea bigarren sailkatu da. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan Gaztedi nagusitu da.
Abenduaren 4an hasi zuten txapelketa, Diman, eta zapatuan [abenduak 18] amaitu zuten, Abadiñon (bigarren jardunaldia Leioan jokatu zuten abenduaren 12an). Gizonezkoetan bost talde aritu dira, 640 kiloko kategorian, eta emakumezkoetan, ostera, hiru talde, 520 kilokoan.
Gizonezkoetan, Gaztedi txapeldunak 14,5 puntu bildu ditu hiru jardunaldietan, eta Muruetak, berriz, 12,5 puntu. Goiherrik osatu du podiuma, 9 puntugaz. Abadiño B laugarren eta Abadiño A bosgarren sailkatu dira, 5 eta 4 puntugaz, hurrenez hurren.
Emakumezkoetan, hiru jardunaldietan 9 puntu lortu dituzte Gaztediko sokatiralariek. Abadiño A geratu da txapeldunorde, 5 puntugaz, eta Abadiño B hirugarren sailkatuak 4 puntu bildu ditu hiru saioetan.