Lointek Gernika Bizkaian COVID-19aren bost kasu positibo baieztatu dituzte
Datarik gabe atzeratu dituzte Eurokopako bueltako partidua eta ligako Campus Prometeren kontrakoa.
Gernika KESB klubetik zapatuan [abenduak 18] jakinarazi zutenez, Lointek Gernika Bizkaian COVID-19ko bost kasu positibo atzeman zituzten zapatuan bertan egindako antigeno frogetan. Ondorioz, atzoko [abenduak 19] ligako partidua eta eguaztenean [abenduak 22] jokatu beharreko Eurokopako partidua datarik barik atzeratu dituzte.
Klubetik esan dute positibo emandako pertsonek ez daukatela sintomarik: “Lehen taldeko kide hauek bakartuak izan dira zenbait egunetan, erakundeen eta klubaren barne protokoloa jarraituz froga berriak egin arte”.
Talde gernikarrak ligaren 13. jardunaldian Campus Prometeren kontra jokatu behar zuen, atzo, Logroñon. Eguaztenean, berriz, Turkian lehiatu behar zuen Eurokoparen kanporaketaren bueltako partidua, CBK Mersinen kontra (joanekoa 83 eta 59 irabazi zuen Malosten).