Lehenengo garaipena lortu dute basurdeek
Ohorezko Mailaren 7. jardunaldian lortu du ligako lehenengo garaipena Gernika Rugby Taldeak. 31 eta 35 irabazi dio Complutense Cisneros talde madrildarrari.
Kostata heldu bada ere, beharrezkoa zuten garaipena lortu dute basurdeek. Ohorezko Mailaren 7. jardunaldian, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak 31 eta 35 irabazi zion Complutense Cisnerosi, atzo eguerdian [abenduak 19]. Urteko azkenengo partiduan heldu zaie beraz, ligako lehenengo garaipena.
Complutense Cisnerosek, sailkapen orokorreko zazpigarren sailkatuak, aurreko sei jardunaldietan hiru garaipen eskuratu ditu. Basurdeak beharrezkoa zuten garaipena lortzeko asmoz bidaiatu zuten Madrilera, eta gogor trebatu ziren hasieratik amaierara arte.
Partidua, ordea, ez zen nahi bezala hasi gernikarrentzat: lehenengo hamar minutuak bete aurretik, etxekoen aldeko zigor-ostikoa on eginez, Irustak talde madrildarra markagailuan aurretik jarri zuen. Markagailuan atzetik joanik ere, Gernika RT ondo kokatu zen zelaian, eta basurdeak atsedenik hartu gabe aritu ziren egoera irauli nahian. Talde gernikarraren partiduko lehen entsegua Morenok eskuratu zuen, eta Olaetaren transformazioarekin, markagailuan 3 eta 7koa ezartzea lortu zuten. Cisnerosek ordea, segituan erantzun zuen Vinenten entseguagaz.
Gorrotxategiren entseguari esker, Madrilgo taldeak hamar puntuko errenta lortu zuen (17-7). Alta, atsedenaldia iristeko bizpahiru minuturen faltan, Urrutiak gernikarren bigarren entsegua egin zuen Beste behin, Olaetak transformazioa burutu zuen. 17 eta 14 amaitu zuten lehenengo zatia.
Bigarren zatian basurdeek aurrerapauso bat eman zuten, bai jokoan bai aukerak sortzeari dagokionean. Hain zuzen ere, bigarren zatian aukera asko sortu zituzten bi taldeek. Jokoa berrabiarazi eta minutu gutxira, Gernika RTk aukera horietako bat entsegu bihurtzea lortu zuen; Iturriaga-Echevarriak egin zuen. Minutu gutxira, gainera, Olaetak talde gernikarraren abantaila bost puntura igo zuen, zigor ostiko batez baliatuz (17-22).
Cisnerosek entsegu batekin erantzun zuen; Irustak egin zituen entsegua eta zegokion transformazioa. Segituan erantzun zuten basurdeek ere. Iturriaga-Echevarriak entsegua egin, eta talde gernikarra markagailuan aurretik jarri zen berriro ere: 24 eta 29.
Neurketaren azken hamar minutuetan ez zitzaien nekerik igarri jokalariei. Irabaztea zen helburua, eta gogor borrokatzen segitu zuten. Escarioren entseguarekin, eta Irustaren transformazioarekin markagailua irauli zuten etxekoek.
Gernikaren jokalariek lan asko egin behar izan zuten madrildarrek aurrea hartzen zuten bakoitzean. Partidua bukatzear zegoela, bizpahiru minuturen faltan, Olaeta Gernika RTko kapitainak zigor ostiko batekin bere taldea aurretik jartzea lortu zuen. Partidako azken jokaldiaan, Wassermanek zigor ostiko bat jaurti zuen zelai erditik haratago. Jaurti eta sartu (31-35).
Sei puntu. Denboraldiko lehen garaipenari esker, Gernika RTk sei puntu ditu, gaur gaurkoz. Nahiz eta oraindik sailkapenaren beherenean egon, garaipenak mailari eusteko arerio zuzenak izan daitezkeen horiengana gerturatzeko balio izan die basurdeei. Hiru puntu gehiago ditu CR La Vilak, eta VRAC Quesos Entrepinaresek eta Ciencias Enersidek 10 eta 11 puntu dituzte, hurrenez hurren.
Gabonetako geldialdiaren ostean, urtarrilaren bigarren asteburuan lehiatuko dute Ohorezko Mailako zortzigarren jardunaldia. Gernika RTk Ciencias Enersideren kontra jokatuko du Sevillan.