Gezuraga eta Mendinueta, Euskal Herriko txapeldunorde
Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek irabazi dute Euskal Herriko Trontza Txapelketa, Gernika-Lumon.
Emakumezkoen Euskal Herriko Trontza Txapelketa jokatu zuten atzo [abenduak 19] Gernika-Lumon. Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek jantzi zituzten txapelak, eta Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko Iraide Gezuraga eta Amaia Mendinueta geratu ziren txapeldunorde.
Horizontalean ipinitako 45 ontzako enborrean 10 ebaketa egin behar izan zituzten. Txapeldunek 6 minutu eta 16 segundotan burutu zituzten lanak, eta eskualdeko kirolariek, berriz, 8 minututan.
Gizonezkoen Euskal Herriko Harri Txikien Harri Jasotze Txapelketa ere jokatu zuten Gernika-Lumoko Merkatu plazan, eta Mikel Lopetegi Urra izan zen onena.
Lau gipuzkoar ari ziren zein baino zein gehiago, eta lau harri altxatu behar izan zituzten (hiru minutu bakoitzarekin): 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindrikoa eta 125 kiloko laukizuzena.
Txapeldunak 12.162,5 kilo altxatu zituen denetara; laukizuzenagaz eta zilindrikoagaz 30na jasoaldi egin zituen, 23 aldiz altxatu zuen bola eta 21 aldiz kubikoa. Xabat Olaizola geratu zen txapeldunorde, 10.350 kilogaz. Hark laukizuzenagaz 24 jasoaldi, zilindrikoagaz 25, kubikoagaz 18 eta bolagaz 22 egin zituen.
Hodei Iruretagoiena Izeta IV hirugarren eta Iraitz Arruti laugarren sailkatu ziren. 10.275 eta 8.300 kilo altxatu zituzten, hurrenez hurren.
Bestalde, harri handien txapelketa zapatuan [abenduak 18] Asteasun, eta Jokin Eizmendi geratu zen txapeldun.
Hiru harri jasotzailek jokatu zuten txapelketa, eta 125 kiloko bola, 150 kiloko kubikoa, 175 kiloko zilindrikoa eta 200 kiloko laukizuzenagaz aritu ziren lehian.
Eizmendik 6.900 kilo altxatuta irabazi zuen txapelketa. Iñigo Eizagirre Eiza geratu zen bigarren (5.225 kilo), eta Jon Unanue Goenatxo hirugarren (5.075 kilo).