Bermeoko Udalak herriko ekonomia berraktibatzeko ekintza ugari antolatu ditu Gabonetarako
Alde Zaharra Girotzeko musika, barrakak, dastaketak eta otzaren zozketak antolatu dituzte. Merkataritza eta Turismo zinegotzi Kepa Zumetak azaldu duenez, helburua da bermeotarrei eta kanpotik datozen bisitariei "egun berezi hauetarako" aukera desberdinak eskaintzea.
Bermeoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu Gabonak girotzeko eta herriko ekonomia berraktibatzeko. Merkataritza eta Turismo zinegotzi Kepa Zumetak azaldu duenez, helburua da bermeotarrei eta kanpotik datozen bisitariei “egun berezi hauetarako” aukera desberdinak eskaintzea. Ekintza guztiak Nik, Bermeon kanpainaren barruan garatuko direla esan du.
Alde Zaharra Gabonetako musikagaz girotzen hasita daudela esan du Zumetak, eta urtarrilaren 6ra bitartean egingo dute. Bestalde, abenduaren 31ra bitartean udal azokan egindako erosketa bakoitzagatik, 15 gabonetako otzaren zozketan parte hartzeko aukera izango dute bezeroek. Otzarek bertoko eta Bermeo Tuna World Capitalen (BTWC) produktuak dituzte.
Berton elkarteagaz batera, gainera, barrakak jarriko dituzte Lameran, eguaztenetik urtarrilaren 10era bitartean. Ordutegia hurrengoa izango da: astegunetan, 16:30etik 21:30era, eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 22:30era.
Bidai bakoitzaren prezioa 2,50 eurokoa izango da, abenduaren 27a eta urtarrilaren 3a eta 10a izan ezik; hiru egun horietan 1,50 euro izango da bidaia. Herriko saltokietan 10 euroko erosketa bakoitzagatik, barraketareko euro bateko deskontu txartelak lortuko dituzte bezeroek. 1.500 txartel egongo dira eskuragarri.
Azkenik, abenduaren 29an eta 30ean, Bermeoko Udalak, BTWCek eta Urremendi Landa Garapena Elkarteak antolatuta, hegaluzez egindako lau pintxo eta Urdaibaiko txakolina dastatzeko aukera egongo da udal azokan, Remenetxe Jatetxeko sommelier Jon Andoni Rementeriaren eta Oker Tabernako sukaldari Itziar Madariagaren eskutik. 5 euro ordaindu beharko dira eta Turismo Bulegoan izena eman behar da. Aiama abeslari brmeotarrak girotuko du udal azokako dastaketa.
Zumetak gogoraratu du udalaren helburu estrategikoetako bat dela herriko ekonomia berraktibatzea, eta ekintzok “hori bilatzen dutela” adierazi du: “Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak beteko dira. Modu seguruan ondo pasatzea da helburua”.