Hirugarren setean erabaki zen atzo Gernikako Opena. Erkiaga eta Lekerika nagusitu ziren joko ahulagoa erakutsi zuten Goikoetxea-Lopez bikotearen aurkako partiduan. Emakumezkoen partiduak ere jokatu ziren, eta Munduko Txapeldunei nagusitu zaizkie Arakistain eta Maialen Aldazabal.
Lekerika eta Erkiaga sasoian daude, eta hala erakutsi zuten atzo Gernika-Lumon jokatu zuten Openean. Zesta puntaren katedralak herriko semearen jokoarekin gozatzeko aukera izan zuen atzokoan. Gernikarrak eta ispastertarrak Goikoetxea eta Lopez izan zituzten aurkari.
Motel hasi zen partidua, jokoan sartzea kosta egin zitzaien bi bikoteei, baina 3-3koa egin ostean partiduan sartzea lortu zuten Erkiagak eta Lekerikak. Lopez ez zen oso fin ibili hasieran, eta Goikoetxeak tantoak zenbatu arren, ez zen nahikoa izan, eta hori baliatu zuten gorriek markagailuan aurrea hartzeko (7-1, 11-4, 11-5, 14-6 y 15-6 ).
Lehenengo set-a amaituta, hurrengoa gogotsuago hasi zuten urdinek, joko arina eta ikusgarriagoa eskainiz, ikusleen gogoak asetuz. Partiduaren norabidea markatu zuen Goikoetxeak, Lopezek lagunduta, eta berehala jarri zuten markagailua beraien alde: 0-6. Horma biko batekin erantzun zuen Erkiagak (1-6) eta, apurka-apurka, markagailuko aldea murriztu zuten gorriek. Ispasterkoari jarraituz, horma-biko bi markatu zituen Lekerikak (3-7 eta 4-7). Erkiagak lortu zuen 7na enpatea, eta enpatatuz egin zuten jokoa bigarren seta amaitu arte. Markagailua 14na zenean, azken tantua beraientzat eskuratu zuten urdinek, lehenengo setean izandako emaitza kaxkarrari buelta emanez.
Hirugarrenean erabaki da. Emozioa Gernikako frontoian, eta berdinketa haustearen beharra. Erkiagarena izan zen lehenengo tantoa, baina ispastertarraren zenbait hutsegiteren ostean parean jarri zitzaizkien urdinak (2-2). Goikoetxeak bikote urdinaren hirugarren tantoa egin zuen gero, baina gorriek ez zuten amore eman nahi. markagailua 3na jarri ostean, 4 eta 3koa lortu zuen Erkiagak. Azkenean, Goikoetxearen txapa azpiko batek eman zien garaipena Lekerika eta Erkiaga bikoteari (5-3).
Zesta punta bizirik dela erakutsi zuten atzo Gernika-Lumon. Goikoetxeak eta Lopezek ez zuten momenturik onena erakutsi atzokoan, baina Erkiagak eta baita Lekerikak puntisten sasoi ona ordezkatu zuten.
Arakistain eta Aldazabalen joko ona. Emakumezkoen partiduak eman zion hasiera atzo Gernikako jaialdiari. Munduko txapeldun diren maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi bikotearen aurka aritu ziren Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal, eta baita nagusitu ere.
Set biak irabazi zituen Arakistain-Aldazabal bikoteak –10-15 lehenengoa eta 8-15 bigarrena–.
Ez daude ohituta Gernikako frontoiaren neurrio kantxan jokatzera, baina, hala ere, partidu ona egin zuten lau pelotariek. Historikoa izan zen euren partidua. Izan ere, profesinaletako txapelketa batean lehenengoz ikusi dira emakumezkoak zesta puntaren katedralean.