Argazki lehiaketako irudiak Gautegiz Arteagako etxe denetara helduko dira
Pandemia egoera dela eta, aurten ez dute 2022ko egutegia aurkezteko ekitaldirik egingo; lehiaketara aurkeztu dituzten argazkiak 'www.turismogautegizarteaga.eus' webgunean daude ikusgai.
Gautegiz Arteagako Udalak jakinarazi duenez, 2022ko egutegia herriko etxe denetara helduko da. Egutegia janzteko argazki lehiaketa antolatu zuen; beraz, irudi horiekin egindako egutegia izango da arteagarek jasoko dutena. Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek poza adierazi du egutegia ilustratzeko antolatu duten argazki lehiaketan izandako partaidetzagatik. Aukeratutako gaia honakoa izan da: Lau Urtaroak Artia.
Osasun-egoera bereziagatik, ez dute egutegia aurkezteko ekitaldirik egingo. Urtero, lehiaketako parte hartzaile guztiak gonbidatzen zituzten ekitaldi horretara, baina aurten haientzako mezua zabaldu du alkateak: “Udalbatza osoaren izenean, eskerrak emon gura deizkiet argazki-lehiaketan parte hartu duten guztiei. Euren argazkiak gure herriarekiko dutn interesaren eta maitasunaren erakusgarri dira, eta, aldi berean, bertako txokoen ikuspegi polit eta pertsonala eskaintzen dute. Horri esker, urtero Gautegiz Arteaga bizi eta maite dugunon izaeraren egutegi adierazgarria osatzen dugu, eta hori herri-ekarpen paregabea da”. Egutegiaren ohiko aurkezpena eta parte hartzaileei oparia emoteko ekitaldia ez egiteko erabakia “gogoz kontra” hartu dutela gaineratu du Naberanek: “Jarrera arduratsua eta eredugarria izan behar dogu osasun-egoera konplexu honetan”.
Aurten aukeratu dituzten argazkiak turismo webgunean daude ikusgai: www.turismogautegizarteaga.eus. Argazki horiek herrian zehar ibilbide bisuala egiten dutela esan du alkateak, “argazkien egile diren herritarrak anfitrioiak izanda”.
Aukeratutako irudien egileek luma kartoiaren euskarrian inprimatutako argazki hautatua jasoko dute opari gisa, eta udal bulegoetan jaso ahal izango dutee. Datozen egunetan Gautegiz Arteagaren web turistikora ere igoko dituzte.