San Silbestre lasterketarako dortsalak salgai daude
Abenduaren 26an Lameratik abiatuko da lasterketa solidarioa 12:00etan. Intersport dendan eskuratu daitezke dortsalak.
Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak antolatuta, marea gorria bueltatuko da Bermeoko kaleetara abenduaren 26an (domeka). Hain zuzen ere, San Silbestre lasterketa antolatu dute, hirugarrenez. Horretan parte gura dutenek 3 eurotan salgai dituzte lasterketarako dortsalak, Intersport dendan eskuratu daitezke. Lasterketaren egunean bertan ere irteera lekuan erosi daitezkeela azaldu dute antolatzaileek.
Ohi legez, lasterketa solidarioa izango da; gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko izango baita.
Abenduaren 26an 12:00etan abiatuko da lasterketa Lameratik, eta ibilbide desberdinak egongo dira aukeran. Horietako bat “denek egiteko moduan” pentsatuta dagoela aipatu dute, “oso erraza” dela nabarmenduta. Lameratik aterako da, eta frontoiari bira bat eman ostean, Lamerara bueltatuko da. Beste aukera, berriz, 1,5 kilometroko ibilbidea egitea da: Lameratik atera, frontoiari bira eman eta porturantz abiatuko da, Martillo kaira, arrapalan buelta eman eta Lamerara bueltatzeko. Ibilbide hori, gainera, bi aldiz egiteko aukera ere edukiko dute gura dutenek, 3 kilometro osatuz.
Lasterketa egiteko kamiseta gorriak Uhaina eta Aribike dendetan lortu daitezke, 5 eurorengatik. Egun horretan bertan Lameran ere salgai jarriko dituzte