Partidutzarra
Eurokoparen final-hamaseirenetan sartzeko lehia garaipenagaz hasi du Lointek Gernika Bizkaiak. CBK Mersini 24 puntuko aldeagaz nagusitu zaioa Malosten. Eguaztenean [abenduak 22] jokatuko dute bueltako partidua, Turkian.
Serio, seguru, ideiak argi… Talde lan paregabeagaz, jokoan erakustaldia emanda, Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariek partidu borobila egin zuten bart. Eurokoparen joanekoan, CBK Mersin talde turkiarrari 83 eta 59 irabazi zion. Final-hamaiserenetan sartzeko, datorren astean errenta hori mantedu beharko dute. Abenduaren 22an [eguaztena] jokatuko dute bueltakoa, Turkian. 18:30ean hasiko da (16:30ean hango orduan).
24 puntuko errenta lortzea handia da bai, baina kanporaketa ez dago erabakita, eta bueltako partidua zaila bezain gogorra izango dela badakite talde gernikarrekoek. Turkiarrek ez zuten partidu bakar bat galdu aurreko fasean. “Kanporaketa ez dago erabakita, orain dela hiru urteko Galatasarayren kontrako esperientzia daukagu. Halako taldeak etxean indartsuago egiten dira”, zihoen atzo Itziar Ariztimuño Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak.
Atzokoa “ahazten ez diren gau horietakoa” dela esan zuen bilbotarrak. Partidu “bikaina” izan zelan esan zuen, bai erasoan, bai defentsan. “Melisak hirukoetan ederto asmatu du, baina, oro har, denon artean partidua aurrera atera dugu. Defentsan lan itzela egin dugu; euren ahulguneak bilatu ditugu”.
Neurketa kontrolpean eduki zuten. Lehenengo zatian markagailuan aurretik mantendu ziren, eta 41-35eko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Hirugarren laurdenean aldea handitu zuten (68-46); partidua ia erabakita utzi zuten. Melisa Brcaninovic pibotak 32 puntu lortu zituen.
Emozioz beteta zeudela aitortu zuen Marta Alberdi jokalari gernikarrak: “Espero ez genuen gauza bat izan da. Dena ematera etorri behar genuela bagenekien, talde oso gogorra baita. Ezustekoak beti gertatu litezke, eta hori ikusi da gaurko partiduan. Uste dut aurreko partidutik hona, gure jarreran zein gogoan aldaketa ikusi dela”. Aurrerapausoa eman zutela zehaztu zuen.
Garaipenak ligarako konfiantza ematea espero du Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak. Egindako lanagatik jokalariak zoriondu zituen. Era berean, Turkian atzokoaren moduko “partidu serioa” egin behar dutela nabarmendu zuen: “Defentsan sendo eta eraginkor, erasoan lasai, eta orokorrean, talde lanean bikain aritu gara. Euren indargunean bagenekizkien, eta ondo bideratu dugu partidua. Aurreko zapatuko partiduagaz konparatuta, baloia hobeto mugitu dugu”.
“Zaila” izango bada ere, Turkian “partidu aparta” egiten ahaleginduko direla adierazi zuen entrenatzaile gernikarrak. “Han publikoak edota epailearen erabakiek baldintzatu diezagukete. Eurak 40 minutuetan %100 egongo dira. Jokalari oso onak ditu, gaur ez dute talde moduan jokatu, agian, entrenatzaile aldaketak baldintzatu die”.
Liga. Emakumezkoen Ligaren 13. jardunaldian, Gernika-Lumoko taldeak Campus Prometeren kontra jokatuko du domekan [abenduak 19], 18:00etatik aurrera, Logroñon.
Sailkapenean puntu bakarreko aldeagaz daude bi taldeak. Talde gernikarra bosgarren eta errioxarra seigarren daude, 19 eta 18 puntugaz, hurrenez hurren.