Gabonetako Opena, zesta puntaren katedralean
Gabonetako Opena jokatuko dute zapatuan [abenduak 18], 18:00etatik aurrera, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian.
Lehenengo partiduan 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketaren bikote finalistak ariko dira elkarren kontra; Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Zumaiako klubeko Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra dira txapeldunak, eta Maialen Aldazabal berriatuarra eta Ihart Arakistain sopeloztarra txapeldunordeak. Laurek lehenengoz jokatuko dute zesta puntaren katedralean. “Emakumeek lehen aldiz hartuko dute parte jaialdi profesional batean. Emakumeen zesta-puntak azken urteetan hartu duen indarraren adibide dira laurak. Zaharrena Lizardi da–17 urte ditu, eta gainerakoak gazteagoak dira. Hauen atzetik datozenak, asko eta asko dira. Zesta eskolek azken urteetan egindako lan itzelaren emaitza da hori, eta emakumeen kirolari publiko askoren aurrean eta telebistan ikusgarritasuna emateko ahalegina”.
Gero, Unai Lekerika gernikarrak eta Aritz Erkiaga ispastertarrak Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarren kontra jokatuko dute.
Lekerikabeaskoa izango da jaialdiko etxeko puntista bakarra. Gernikarrak Munduko Kopa irabazi berri du Goikoetxeagaz, eta Lopez eta Erkiaga–2018an berak eta Hernandezek irabazi zuten Munduko Txapelketa– dira txapeldunordeak.
Sarrerak zapatuan txarteldegian erosteko itxaron gura ez dutenek, aurretiaz www.gernikajaialaipro.com webgunean zein udalerriko Turismo Bulegoan eskuratu daitezke, 10 eurotan (+ 0,99 euro kudeaketa gastuak). Turismo Bulegoa astelehenetik barikura 10:00etatik 18:00etara dago zabalik, eta asteburuetan 10:00etatik 14:00etara.
Frontoira sartzeko, COVID ziurtagiria aurkeztu beharko dela gogoratu dute antolatzaileek.
Bertaratzerik ez dutenek, telebistaz ikusi ahalko dute. Euskal Telebistan 22:00etatik aurrera eskainiko dituzte partiduak.