Dronetan oinarritutako Urgain enpresa teknologikoak irabazi du Enpresa Ideien Lehiaketa
Segurtasun eta berrikuntza zerbitzuen sektorera bideratuta dago Urgain enpresa teknologikoa, eta askotarikoa da eskaintzen duten zerbitzua. Bigarren saria Melodeep proiektuak jaso du, eta turismo jasangarria bultzatzearena Harri Artean Abentura Parkea izeneko ideiak.
Borja Txertudi eta Ander Etxaniz busturiarren Urgain enpresak jaso du 3.000 euroko lehen saria. Busturialdeko Enpresa Ideien Lehiaketako bigarren saria Melodeep ideiarentzako izan da, eta turismo jasangarria bultzatzearen saria, berriz, Harri Artean Abentura Parkea proposamenak jaso du.
Dronetan oinarritzen da lehenengo saria jaso duen Urgain enpresa: horietan oinarritutako zerbitzua eskaintzea du helburu. Segurtasun eta berrikuntza zerbitzuen sektorera bideratuta dago, eta askotarikoa da eskaintzen duten zerbitzua. Izan ere, Urgainen jarduera ekonomikoak dronen bitartez hainbat irudi lortzean eta lantzean datza, baita horietan oinarritutako hainbat proiektu egitea ere. Ildo horretan, enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak askotarikoak dira, eta hainbat sektoretan aplikatzen dira: ingurumenaren zaintzan eta kontrolean, nekazaritzan eta basogintzan, biodibertsitatean eta azpiegituren azterketan, fotometrian, segurtasunean, aireko argazkiak ateratzean edota ikus-entzunezkoak filmatzerakoan.
Hobby batetik sortu zen enpresa, eta apurka-apurka ezagutza eta aplikazio gehiago lortu dituzte gazte busturiarrek, Urgain proiektua enpresa “bideragarri bat” dela ikusaraziz. Enpresa teknologiko bat saritzea eskertu du Etxanizek: “Eskerrik asko enpresa teknologiko hau saritzearren. Enpresa teknologiko bat da gurea, dronak erabilita proiektu ezberdinak sustatzea helburu duena. Ikerketa proiektu desberdinak ere landu gura ditugu”. Busturiarrek azaldu dutenez, enpresak dronen erabileran oinarritutako zerbitzu “soil” bat sal dezake, horietatik askotariko irudi zehatzak lortzeko edota materialak garraiatzeko.
Busturialdeko Enpresa Ideien Lehiaketa bigarren saria Melodeep izeneko enpresa ideiarentzat izan da, eta 2.000 euroko saria jaso du Paul Larrozea bermeotarrak. Hain zuzen, musika elektronikoaren “alderik ederrena” ikusarazi gura du ekintzaileak: “Musika elektronikoaren zatirik ederrena erakusteko sortu zen Melodeep marka, eta musika eletronikoa beste edozein arte adierazpenekin nahastea du helburu”.
Duela hiruzpalau urte sortu zitzaion ideia, eta proiektu horregaz gizartean eragin gura du Larrozeak, gaueko jai giroan nagusitzen diren ohiturak hobetzeko. “Drogen kontsumoa jaistea bilatu gura dut, baita gizakion bioerritmoak errespetatzea ere”, azaldu du bermotarrak. Ideia garatuz joan da, eta esperientzia berri bat eskaini gura du, musikaz gain bestelako arte adierazpenak sustatzea bilatuz: “Busturialdeko herrietan egun argiz egingo diren ekitaldi desberdinak bultzatu gura ditut, bakoitzean artista baten lana balioan jartzeko, eta herriko ekonomia suspertzeko. Egungo azoken ideia beste maila batera eraman gura dut, proiektu berritzaile gehiago eskainiz”. Larrozeak proposatzen duena da eskualdeko artistak (DJ, musikariak, margolariak, dantzariak edota aktoreak) bilduko dituzten pop-up ekitaldiak sortzea, beste jarduera batzuez inguratuta. “Horrela, gauez irtetearen kontzeptuari eguneko alternatiba bat proposatuko litzaioke, jendea adierazpen artistikoetan inspiratzeko eta jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin konpromisoa duten tokiko ekoizleei ikusgarritasuna emateko”, adierazi du.
Bi sari horiez gain, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa ideiarik onena saritu du lehiaketak, eta Harri Artean Abentura Parkea izan da ideia irabazlea. Aser Cid gernikarrak azaldu duenez, enpresa Ereñon dagoen abentura anitzeko parke baten ustiapenean oinarritzen da.
Parke barruan eskainiko diren jarduerak izango dira enpresaren ardatza, betiere natura eta ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz. Cidek zehaztu duenez, jarduera guztiak zuhaitzekin eta arrokekin egingo dira; esaterako, harkaitzetarako labirinto naturala, eskalatzeko gunea, bulderra eta speed climbinga, slacklinea, tirolinak edota skate pista egitea proposatu du. Parke horretan, lursailaren zati bat autokarabanentzako aparkaleku ekologiko bat sortzera bideratzea da ekintzailearen asmoa, turismo jasangarrirako espazio bat eskaintzeko: “Parkeaz gain, autokarabanentzako aparkatzeko gune bat sortuko da, eremu horretan eskaera handia dagoelako eta gaur egun aparkatzeko eta gaua igarotzeko espazio egokiturik ez dutelako”.
Negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko jaso dituzte diru sariak. Lehiaketaren helburu nagusietako bat, ekintzailetza bultzatzeagaz batera, eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea baita. Gainera, proiektu irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dute, Busturialdeko Gazteria zerbitzuek ordainduko baitute langune hori. Halaber, Torrealday Aholkularitza enpresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua emango dio doan, eta bigarrenari, berriz, sei hilabetekoa.
19 proiektu berritzaile. Zortzigarren urtez egin dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatutako lehiaketa, eta aurten, 19 enpresa ideia aurkeztu dituzte eskualdeko ekintzaile gazteek; iaz 32 proiektu aurkeztu zituzten, “inoiz baino gehiago”.