COVID ziurtagiria eskuratzeko laguntza eskainiko dute Bermeoko Turismo Bulegoan
Interesa duenak astelehenetik domekara joan ahalko du Turismo Bulegora, 10:00etatik 14:00etara. Zerbitzua bihartik aurrera eskainiko dute.
Bermeoko Udalak COVID ziurtagiria eskuratzeko laguntza eskainiko die herritarrei, eta Turismo Bulegoaren bitartez egingo dute; astelehenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara.
Ziurtagiria eskuratzeko bi modu egongo direla azaldu dute. Batetik, telefonoan jaitsi ahalko dute. Eta, bestetik, eskura izan gura duenak, horretarako aukera ere izango du, eta bertan inprimitzeko aukera edukiko dute. Zerbitzu hau bihartik aurrera jarriko da martxan.
Gogorarazi dute, Osakidetzak pasahitza bidaltzeko telefono mugikor bat behar dela. Hala, herritarrak beharrezkoa izango du mugikorra eroatea, pasahitza bertara iritsiko baitzaio. Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, helburua da herritarrei “ahalik eta laguntza gehien” ematea: “Jakitun gara teknologia berriekin zenbaitek arazoak izan ditzaketela. Hau dela eta, laguntza eskaini nahi diegu. Nahi duenak, Turismo Bulegoan laguntza hori jasoko du”.