Merkataritza establezimuenduetan lapurretak saihesteko kanpaina abiarazi dute
Bermeoko Udaltzaingoak oinezko patruilak egingo ditu urtarrilaren 8ra bitartean.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, udaltzainek herriko establezimenduetan lapurretak saihesteko kanpaina abiarazi dute. Urtarrilaren 8ra bitartean, oinezko patruilak ibiliko dira establezimenduak bisitatzen, zuzeneko aholkuak eman eta informazio eskuliburuak banatzeko.
Banatuko dituzten eskuliburu horiek informazioa ematen dute, eta QR kode bat ere badute. Kode horretara sartuta, inkesta txiki bat zabalduko zaie merkatariei. Galdetegi horrek, udaltzaingoaren zerbitzua laguntzea du helburu, “merkatarien beharrak eta kezkak lehen eskutik ezagutu ahalko dituztelako”. Era anonimoan erantzungo dute herriko merkatariek.
Bermeoko Udalaren helburu estrategikoetako bat da udaltzaingoaren gertutasuna lantzea, “Bermeo seguru bat lortzeko”. Hala, uste dute, “ezinbestekoa” dela oinezko patruilak indartzea, baita ere arloz arloko informazio eta sentsibilizazio kanpainak egitea. Udalak zerbitzu hau “behar bezala” eskaintzeko, udaltzaingoa herritarrengandik hurbilago egotea “ezinbestekoa” dela aipatu dute.
Kale jendetsuenetan segurtasuna areagotzeaz gain, udaltzainek indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla bermatuko dute. Kanpaina honetan, uniformedun zein kalez jantzitako agenteek parte hartuko dutela azaldu dute, establezimenduak zabalik dauden ordutegian. Merkataritza guneetako segurtasun pribatuko zerbitzuekin eta Ertzaintzagaz “koordinatuta eta etengabeko harremanetan” egongo direla zehaztu dute.