Marijesiek pandemia aurreko formatua berreskuratuko dute
Abenduaren 16ko goizaldean hasiko dituzte bederatziurreneko errondak; Lurgorrirantza joko dute goizalde horretan. Aurten batzen duten dirua Bilbon lan egiten duen Etorkizuna Musiketan taldeari emango diote
Bederatzi gau hotzetan ibiliko dira kantetan. Gernika-Lumoko Marijesiak kalez kale ibiliko dira, abenduaren 24ra arteko gauetan, errondak egiten. Bederatziurrena pandemia aurreko eran beteko dute, baina, horretarako, osasun neurriak zehatz beteko dituztela aurreratu dute. Horregatik, zentzunez jokatzeko deia egin dute.
Abenduaren 16ko goizaldean hasiko dituzte errondak, eguenean. Gernikarren poztasunerako, herriko bazterrak koplak beteko dituzte Gernika-Lumoko Marijesiek. Aurten honako hauek izango dira bakarlariak: Denis Azkarate Eizagirre, Iñaki Gonzalez Abadia, Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka Aranburu, Ane Miren Arejita Abaitua eta Alex Uriarte Atxikallende.
Lurgorrin egingo dute aurtengo lehenengo erronda. Eta auzo hori bisitatuko dute baita abenduaren 19ko goizaldean, 22koan eta 24koan. Errenteria auzoan abenduaren 17ko goizaldean, 20koan eta 23koan ibiliko dira kopla kantuan. Tiloetatik, berriz, abenduaren 18ko eta 21eko goizaldeetan egingo dituzte errondak.
Dirua Etorkizuna Musiketan taldearentzat. Urtero legez, herritarren ekarpenak bilduko dituzte Marijesiek, bai goizaldeko errondetan zein abenduaren 24an. Aurreratu dutenez, biltzen duten dirua aurten Etorkizuna Musiketan taldeari emango diote. Bilboko La Vieja, San Francisco eta Zabala auzoetan bizi diren kultura anitzetako ume eta gazteak laguntzen ditu talde horrek, baita gizarte-bazterketa bizi dutenak ere. Integrazio lana dinamizazio sozio-hezitzailea garatzen du talde horrek, umeekin osatutako orkestraren bidez.