Ispizuak eta Egurrolak Emakumezkoen Promozioko Bizkaiko Trontza Txapelketa irabazi dute, Arratzun
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko Iraide Gezuraga eta Amaia Mendinueta geratu dira txapeldunorde. Bestalde, Euskal Herrikoan modura, Bizkaiko lasto botatze Txapelketan ere txapeldunorde geratu da Beñat Obieta arratzuarra.
Herri kiroletako Bizkaiko hiru txapelketa erabaki ziren domekan [abenduak 12], Arratzuko frontoian.
Emakumezkoen Promozioko Bizkaiko Trontza Txapelketa bi jardunalditan lehiatu dute. Lehenengoa azaroaren 28an egin zuten, Bilbon, eta bigarrena domekan, Arratzun. Bi saioak irabazita, Batirtze Ispizua bermeotarrak eta Nerea Egurrolak jantzi dituzte txapelak. Arratzun 4 minutu eta 53 segundotan amaitu zituzten lanak. Guztira, 9 minutu, segundo 1 eta 23 ehunen egin dituzte txapelketan. Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko Iraide Gezuraga eta Amaia Mendinueta geratu dira txapeldunorde. Lehen jardunaldian hirugarren sailkatu baziren ere, Arratzun lehiatutako bigarren jardunaldian, 7 minutu eta 36 segundoko denboragaz bigarren sailkatu ziren, eta bi jardunaldietako emaitzak batuta, 14 minutu, 2 segundo eta 69 ehuneneko denboragaz txapeldunorde geratu dira. Karmele Gisasola Zelai III -Uxue Ansorregi bikotea sailkatu da hirugarren, 14 minutu, 5 segundo eta 63 ehuneneko denboragaz. Horiek 8 minutu eta segundo 1ean amaitu zuten Arratzuko saioa.
Bestalde, Euskal Herrikoan modura, Bizkaiko lasto botatze txapelketan ere txapeldunorde geratu da Piratak Herri Kirol Taldeko Beñat Obieta arratzuarra. Euskal Herriko Lasto Botatze Txapelketa Urdulizen jokatu zuten zapatuan, eta Jose Mari Bustintza Tubik jantzi zuen txapela. Domekan ere berak irabazi zuen Bizkaikoa, Arratzun, 5,90 metroko markagaz. Obietak 5,50 m egin zituen, eta Mikel Agirre ondarrutarra sailkatu zen hirugarren postuan, 5 metrogaz. Zazpi kirolarik lehiatu zuten txapelketa, eta Piratak Herri Kirol Taldeko Aitor Rodriguez zazpigarren sailkatu zen, 4,60 m lortuta.
Halaber, Bizkaiko Kinttopeko Harrijasotze Txapelketan Ugaitz Perez izan zen onena, 2.376 kilo altxatuta. Beñat Ibañezek (1.936 kilo) eta Adria Resinesek (1.144 kilo) osatu zuten podiuma. Aingeru Palacios laugarren saillatu zen, 968 kilo altxatuta.