Gernika RTk berdindu egin du Durangoren kontra
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika Rugby Taldeak eta Durango Rugby Taldeak hamazazpina berdindu zuten zapatuan [abenduak 11].
Getxoko eta Gernikako klubetako jokalariek osatutako taldea galtzen hasi zen, eta partidu azkenengo minutuetan lortu zuten berdinketa.
Entsegua egin, eta transformatzea lortuta, 7-0 aurreratu zen etxeko taldea. Gero, Gernika RTk beste entsegu bat egin zuen (7-5). Atsedenaldiaren aurretik, Durangokoek beste entsegu bat egin zuten, eta ondorioz, 12 eta 5eko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo zatia.
Basurdeena izan zen bigarren zatiko lehenengo entsegua (12-10). Ondoren, beste entsegu bati esker, etxekoek aldea handitu zuten (17-10). Azkenengo ordu laurdenean, zigor-entsegu bat adierazi zuen epaileak, eta beraz, basurdeek markagailua berdintzeko aukera eduki zuten.
Plakatze askoko partidua izan zen Durangokoa. “Partidu oso gogorra izan zen. Etengabe egin zuen euria, eta sekulako hotza pasatu genuen. Behintzat bi aldaketa eduki genituen, eta ondo etorri zitzaigun. Aurrelariek eta meleek behar asko eduki zuten. Pentsatzen genuen galdu egingo genuela, eta amaieran, berdinketa lortzean, poztasun handia sentitu genuen. Gauza gehiago irtetzen ari dira, eta oso pozik gaude”, azaldu dute Gernika RTko jokalariek.
Hurrengo partidua urtarrilean. 2021eko azkenengo ligako partidua izan zen zapatukoa. Hurrengo jardunaldia urtarrilaren bigarren asteburuan lehiatuko dute RC Riojaren kontra, Urbietan. “Gogor entrenatzen jarraituko dugu, gauzak hobetzen joateko”.