Ohiko diru laguntzak eska daitezke Gautegiz Arteagan
Gautegiz Artagako Udalak kirola, euskara, musika eskola eta haurreskolarako diru laguntzak eskatzeko aukera zabalik dauka. Abenduak 15era arte aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Euskara, musika eta bestelako ikasketak burutzen dituztenei zein kiroldegietara eta haurreskolara doazen herritarrei diruz laguntzeko prozedura eta deialdia zabaldu du beste urte batez Gautegiz Arteagako Udalak. Hain zuzen, 9.000 euroko aurrekontua onartu dute eskatzaile guztien artean banatzeko, eta eskaerak egiteko azken eguna da abenduaren 15a.
Zehaztu dutenez, eskabideak aztertu eta gero udalak aurreikusitako diru kopurua baino kopuru handiagoa behar bada, lortutako zenbatekoaren eta eskura dagoen diruaren arteko diferentzia zatituko da, “diru laguntza jasotzeko eskubidea duten eskatzaile guztien artean”.
Diruz lagunduko dira Gautegiz Arteagan egin ezin diren kiroldegietako jarduerak. Hori horrela, herritarrek jasoko duten zenbatekoa kiroldegia dagoen herri horretako erroldatuen abonu tarifen eta Gautegiz Arteagako erroldatuen abonu tarifen arteko aldea izango da. Izan ere, kiroldegiek aparteko tasa kobratzen die herri horretako bizilagunak ez diren erabiltzaileei.
Musika eskoletan ere, diruz lagunduko den zenbatekoa erroldatuen abonu tarifen eta erroldatu gabekoen abonu tarifen arteko aldea izango dela zehaztu dute udal agintariek.
Euskara ikastaroei dagokienez, herritarrek jasoko duten diru laguntza ikasturteko matrikularen %50 izango da, eta barnetegi matrikularen prezioaren %20. Gautegiz-Arteagako Haurreskolan matrikulatzen diren haurrek ere laguntza jasoko dute, %50ekoa hain zuzen ere.
Eskaerak eta onuradunak. Diru laguntzen onuradunak eskabidea aurkeztu eta aurreko sei hilabeteetan Gautegiz Arteagan erroldatuta egon direnak izango dira. Horiek udaleko erregistroan aurkeztu beharko dituzte eskaera orriak, 09:000etatik 14:00etara bitartean. Eskabideak elektronikoki ere aurkeztu ahalko dira www.gautegizarteaga.eus webguneko online izapideen atalean. Eskaria egiteko idatzian honako hauek adierazi behar dira: NAN, banketxearen izena, kontu zenbakia, kontu zenbakiko javearen izena eta jabearen NAN zenbakia.
Jakinarazi dutenez, laguntzak hauek beste administrazio batzuek emandakoekin bateragarriak dira, eta, kasu guztietan haien osagarri izango dira. Hala ere, Gautegiz-Arteagako Udalak emandako diru-laguntzak ezin izango du –bakarka zein beste administrazio publiko eta pribatuetako diru-laguntzekin batera– ordaindu beharreko zenbateko osoa gainditu.