Azken astean positibo gutxiago zenbatu dira Busturialdean
Abenduaren 2tik abenduaren 5era, COVID-19aren 49 positibo zenbatu zituzten, eta azken hiru egunetan 39 kasu berri eman dira
Positiboen kasuek behera egin dute Busturialdean azken egunetan. Hain zuzen, 39 kasu berri eman dira abenduaren 6an, 7an eta 8an batutako datuetan. Eskualdeko hogei herrietatik zazpitan eman dira kutsatu berrien kasuak: 15 Bermeon, 13 Gernika-Lumon, hiruna Morgan eta Mundakan, bina Arratzun eta Busturian eta bakarra Muxikan. Guztira 13 udalerri daude eremu gorrian (14 ziren atzo arte), eta sei udalerritan inzidentzia-tasa hutsa da; eremu berdean daude, beraz. Elantxobe, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata eta Nabarniz dira herri horiek. 110eko inzidentzia tasarekin, laranja dagoen herri bakarra da Forua.
Inzidentzia-tasa metatua dela-eta gorri dauden 13 herrietatik 6tan ez da kasu positiborik egon azken egunotan edo azken astean. Hala ere, 5.000 biztanletik beherakoak direnez, azken 14 egunetako kasuek eragina dute Jaurlaritzak zehaztutako semaforoan. Horren adibide da Ajangiz, kasu positiborik izan ez arren 1.363ko inzidentzia mantentzen duela.
Haurrei txertoa, hurrengo astean. Osasun Publikoaren Batzordeak ezarritakoaren arabera, abenduaren 15ean hasiko da Osakidetza 5 eta 11 urte arteko umeei txertoa jartzen. Txertoak osasun zentroetan edo erdibideko txertoguneetan jarriko dituztela esan du Sagarduik, eta jakinarazi du hurrengo martitzenean 60.000 dosi hartuko dituztela. Hartara, umeei txertoak jartzen 15ean hasiko dira.