Alkoholaren kontsumoari buruzko prebentzio puntua jarriko dute barikuan, Gernikan
Alkoholaren gehiegizko kontsumoa eta mozkorraldiak murriztu, jarrera oldarkorrak eta arriskutsuak txikitu eta pertsonaren autokontrola sustatzea helburu duen esku hartzea antolatu du mankomunitateak. Hiru orduko esku hartze ibiltaria izango da.
Gazteen arteko alkoholaren kontsumo intentsiboa gutxitzea eta horren ondorioz eratorritako arrisku jokabideak murriztea helburu duen prebentzio puntua jarriko dute barikuan, Gernika-Lumon. Hiru orduko esku hartze ibiltaria izango da udalerrian egingo dutena, “gerta daitezkeen pilaketak saihesteko”.
20:00etatik 23:00etara gazteen aisialdi guneetara hurbilduko dira eta informazioa emateaz gain, arriskuen murrizketari buruzko materiala banatuko zaie herritarrei; besteren artean, erabilera bakarreko alkoholimetroak jasoko dituzte gazteek. Prebentzio puntu horietan gizarte eta mendekotasunen arloan formakuntza eta esperinetzia zabala duten langileak egongo dira.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu du esku hartzea, osasun larrialdiak ezarritako neurri murriztatzaileek biztanleriaren –eta espresuki gazteen– kontsumo ohiturak aldatu dituzten arren, ez dutelako alkoholaren kontsumoa geldiarazi. “Pandemia garaian taberna edota ostalaritza establezimenduetatik kanpoko alkohol kontsumo eta salmentak gora egin dute. Zalantza barik, COVID-19ak eragindako egoerak erronka berriak ekarri dizkigu arlo honetan lan egiten dugun profesionalei”, adierazi dute arduradunek.
Hori horrela, alkoholaren gehiegizko kontsumoa eta mozkorraldiak murriztu, jarrera oldarkorrak eta arriskutsuak txikitu eta pertsonaren autokontrola sustatzea helburu duen esku hartzea antolatu du mankomunitateak.