Andrabide harrobiko lursailak erosi ditu Gautegiz Arteagak, harrobia balioan jartzeko asmoz
Jarduera eta ekitaldi kulturalak egiteko aprobetxatu gura dute lursaila, baita funtzio anitzeko gune berri bat sortzeko ere. Lursailen erosketa udalak ordainduko du, eta horretarako, diru laguntza bat kudeatu du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuagaz.
Gautegiz Arteaga eta Ereño artean dagoen Andrabide harrobiko lursailak erosi ditu Gautegiz Arteagako Udalak, harrobia balioan jartzeko helburuagaz. Eremu horretako lursail pribatu horiek erosita, erabilera publikoa eman gura diote harrobia zenari. Jarduera eta ekitaldi kulturalak egiteko aprobetxatu gura dute lursaila, baita funtzio anitzeko gune berri bat sortzeko ere.
Izan ere, Andrabide harrobiko lursail pribatuak erostea, “harrobi zaharrari balioa emateko”, eta, jarduera eta ekitaldi kulturalak egiteko “funtzio anitzeko gune bat” irabazteko udalaren estrategiaren barruan sartzen da. Gaur egun, harrobiko lursail gehienak Gautegiz Artagako Udalarenak dira, baina, harrobiaren jabetza erabat publikoa izateko, beharrezkoa da oraindik titulartasun pribatukoak diren lur-zatiak erostea: Gautegiz Arteagako 6. poligonoko 281, 282, 283 eta 302 partzelak eta Ereñoko 70, 24 eta 80 partzelak. Lursailen erosketa Gautegiz Arteagako Udalak ordainduko du, eta horretarako, diru laguntza bat kudeatu du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuagaz.
Lursail horiek batzeak Andrabide harrobiari erabilera publikoa eman ahal izatea ahalbidetuko du, baita horri balioa emateko proiektuak bertan garatzea ere. Juan Felix Naberan herriko alkateak adierazi duenez, proiektu berri bat garatu gura dute bertan: “Harrobia gure ondare industrialaren eta historikoaren parte da, eta urteak daramatza erabili barik. Kontua ez da soilik udalerrirako lurzorua erostea, horri balioa ematea baizik. Proiektu bat garatu gura dugu bertan. Izan ere, 2007an hasitako proiektu bat dago”.
Hain zuzen ere, aire zabaleko auditorio bat egitea eta harrobia balio historiko, natural eta geologikoko aisialdi publikorako eremu publiko gisa egokitzea da 2008ko proiektuak jasotzen duena. “Gure helburua gune berritzaile bat sortzea da, herria eta eskualdea dinamizatuko dituen kultur arloari lekua emateko”. Hori horrela, harrobiak bere garaian industria sektorean izan zuen “izaera berritzailea” eta aurrerakoia arlo kulturalean garatu gura du orain udalak, “kultura arloan antolatuko diren jarduerak bermatzeko”.
Lursailak, alde batera utzita. Garai batean ospe handia zuten Andrabide harrobiko lursailak abandonatuta daude gaur egun. Harrobia erromatarren garaia hasi zen ustiatzen, eta XX. mendearen amaierara arte iraun zuen. Harrobi horretatik Ereñoko harri gorri ezaguna ateratzen zen, “eskualdeko ondare elementu askotan aurkitzen dena”. Harrobiak 70eko hamarkadan eten zuen jarduera, eta denboraren joanagaz, landarediak bete du lursaila.