Mindfulnessari buruzko hitzaldia emango dute Astran
Lurgozo Elkarteak abenduaren 9rako (eguena) antolatu du hitzaldia, eta Fernando Rodriguez Bornaetxea psikologian doktorea eta psikoterapeuta izango da hizlaria.
Lurgozo Elkarteak mindfulnessa aztertzeko proposamena dakar oraingoan. Mindfulness. Arreta kontzientea. Jakinduria lortzeko zuzeneko bidea liburua oinarri hartuta, haren egilea den Fernando Rodriguez Bornaetxea psikologian doktoreak, psikoterapeutak eta vipassanako maisuak hitzaldia emango du eguenean (abenduak 9), 18:30ean hasita, Gernika-Lumoko Astran.
Rodriguez Psikologiaren eta Psikologia Transpertsonalaren Historiaren irakaslea izan da Euskal Herriko Unibertsitatean. Baraka (Psikologia Integraleko Institutua) sortu zuen, eta 20 urte baino gehiago daramatza meditazioa irakasten. Bere liburua aurkeztuko du Astran, eta solasaldiaren ondoren, liburua erosteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek: “Liburuak sinatzen ariko da”.
Liburu horrek meditazio budistari buruzko hainbat mito eta sinesmen “desegiten” dituela zehaztu dute Lurgozoko kideek: “Rodriguezek elokuentziaz erakusten duen bezala, kontzentrazioa ez da meditazio budistaren giltza. Kontzientziaren sorburua sentitzea da. Arreta kontzientea da atsekabea gainditzeko bide bakarra. Liburu honetan esku hartu dutenen asmoa da vipassana meditazio-metodoa azaltzen duen Budaren hitzaldia (Satipatthana Sutta), sarrera eta iruzkin batez horniturik, euskal irakurle eta meditatzaileen artean zabaltzea”.
Vipassana meditazioa Budaren tradizioko meditazio-metodoa da, heldutasun psikologikoari, iratzartze espiritualari eta autotranszendentziari bide ematen diena: “Helburua ez da kontzientzia-egoera transzendenteak iristea edo estasi-esperientziak izatea, baizik eta jakinduria garatzea atsekabe existentziala gainditzeko. Satipathana Sutta hitzaldiak deskribatzen digu nola burutu dezakegun esperientziaren ikerketa sistematikoa lehenengo pertsonan Sati edo arreta kontzientearen bidez–mindfulness–”.
Antolatzaileen berbetan, egueneko saioa “euskaraz orain arte ibili ez diren bideak eta hausnarketa esparruak arakatu ahal izateko lagungarri” izatea gura dute.