Urdaibaiko esentziez bete da Mundaka
Abenduko zubiko azoka beste formatu batean berreskuratu dute Mundakan. Txakolin Eguna antolatu ordez, Urdaibaiko Esentziak azoka antolatu du udalak gaurko, “Gabonei begira, Urdaibaiko produktuen erosketak sustatu asmoz”.
11:30etik 15:00etara eskaintza zabala eduki dute udaletxeko arkupean. Zazpi postu ipini dituzte. Eskualdeko ekoizleak izan dira Urdaibaiko Kontserbak, Zabaleko Urdaibai, Zabalaurre Baserria, Mañe eta Amunategi Txakolina. Horiekaz batera, Markina-Xemeingo Baskaran eta Behe Nafarroako Arnabar egon dira.
Mundakako garapen ekonomikoa bultzatzeko udalaren estrategiaren parte da azoka, eta udal arduradunek azpimarratu dutenez, eskualdeko lehen sektorea “babesteko”, herriko “aisialdi arduratsua dinamizatzeko”, eta turismo “iraunkor desestazionalizatua erakartzeko” bitarteko bat da.
Sarrera eta irteera. Pandemiagatik, “osasun erantzukizun zorrotzagaz” jardun dute, eta beraz, ez dute dastaketarik eskaini, eta sarrera eta irteera ezarri dituzte.