Euskararen Nazioarteko Eguna, Gernika-Lumon
Euskararen Nazioarteko Egunean, Haurren aurrean helduok heldu kanpainaren adierazpena irakurri dute, eta Betikoa Gertukoa argazki lehiaketaren sariak eta Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu dituzte Gernika-Lumon.
Foruen plazan egin zituzten ekitaldiok atzo arratsaldean [abenduak 3].
Euskaltzaleen Topaguneak umeen aurrean helduek dituzten hizkuntza praktiketan eragin asmoz proposatutako kanpaina da Haurren aurrean helduok heldu. Azaroaren 22an hasi eta bihar arte [abenduak 5] egiten ari dira Euskal Herriko 80 herri baino gehiagotan.
Kanpainaren adierazpena irakurri zuten Allende Salazar, Barrutia, Mertzede, San Fidel eta Seber Altube ikastetxeetako ordezkariek eta Iñigo Magunagoikoetxea Euskara zinegotziak. Leire Bilbao idazle ondarrutarrak idatzitako testua irakurri zuten denen artean.
Ondoren, eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko Betikoa Gertukoa kanpainaren barruan egin duten argazki lehiaketaren sariak banatu zituzten. Lehiaketa udalak eta Gernika-Lumoko Merkatari Elkarteak antolatu dute. “Betikoa, gertukoa, hurbilekoa hizkuntzagaz oso lotuta dago, eta batez ere merkataritza, ostalaritza zein enpresa arloan hurbiltasuna eta hizkuntza oso lotuta daude, eta hori bultzatu nahi duen kanpaina da Betikoa Gertukoa“, azaldu zuten.
Gernika-Lumon Instagram bidez egin dute lehiaketa, eta bertako erabiltzaileek bozkatu dituzte argazkiak. Hala, atsegin gehien izan dituztenak saritu dituzte. Euskal Souvenirs dendak jaso zuen lehenengo saria; herriko saltokietan gastatzeko 150 euroko bonua eskuratu zuen. Amaia Hernandezek irabazi du bigarren saria eta Drogueria Amutiok hirugarrena. Horiek 100 euroko eta 50 euroko bonuak jaso zituzten, hurrenez hurren.
Arratsaldeko ekitaldia amaitzeko, Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituzten. Aurten 23 entitatek jaso dute ziurtagiria.
Bai Euskarari Ziurtagiria:
- Aita Villasante Udal Euskaltegia
- Busturialdeko Hedabideak
- Ekin taldea
- Eraikuntzarako materialak Eizagirre
- Gernika Rugby Taldea
- Gestoria Cor
- Kosnoaga Igeriketa Elkartea
- Maria Luisa lurrin denda
- Seber Altube Ikastola
- Zaindu Fisioterapia Zentroa
- Zurich Aseguruak
- Arrano Kultur Elkartea
- Arrien Optika
- Bake-Leku Txokoa
- Duka arropa denda
- Elai Alai Dantzari Taldea
- Electricidad Argi-Ola
- Gernika Garbiketak
- Gernikako Notaria
- Kepa Urrutia
- Kopi Laster Fotokopiak
- Madariaga Hortz Klinika
- Urrutia Aholkularitza