Esparru guztietan euskaraz jarduteko aldarria zabaldu dute Bermeon
Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldiak egin dituzte gaur, Bermeon. Azpimarratu dute egitaraua “askoren arteko elkarlanari esker antolatu ahal izan” dutela. Hain zuzen ere, udalagaz batera eragile hauek prestatu dituzte ekitaldiak: Euskaraz Berbetan elkartea, Berbalagun, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak, Sollube 707 mendi taldea, MB 2000 aisialdi taldea eta udalerriko ikastetxeak eta guraso elkarteak.
Goiko plazan batu dira eguerdian, eta Kepa Zumeta Euskara zinegotziak udalean aho batez onartutako adierazpen instituzionalaren laburpentxoa irakurri die bertaratutakoei.
Udalerrian ezagutza datuak “altuak” badira ere, erabileran hobetzeko “asko” dagoela gogoratu du, “%30-35 artean baitago”, eta beraz, horixe dela erronka; esparru formaletan zein ez-formaletan euskaraz berba egitea.
Besteak beste, euskarari buruzko testigantzak entzun dira elizpean, esaterako, Odon Ulibarren berbalagunak bere bizipenak kontatu ditu. Berbalagun egitasmoaren udazkeneko lehiaketaren sariduna zein den ere jakinarazi dute. 137 erantzun jaso dituzte azaroan, eta Maria Pilar Marcaidak irabazi du lehiaketa. Bertaratu ezin izan duenez, bere ahizpak hartu du Bermeoko produktuez osatutako saria. Udazkeneko lehiaketaren erantzunagaz pozik daude antolatzaileek, eta pandemia aurreko kopuruetara bueltatu direla azaldu dute.
Bestalde, Ainhoa Astarloa eta Iker Gonzalez bermeotarrek euren Plazako leihotik ekimena aurkeztu dute. Kazetaritza ikasten ari dira, eta kultur sortzaileei plaza emateko helburuz sortu dute proiektua: “Instagram, twitter eta facebook kontuak zabaldu ditugu, eta youtubeko kanalera igoko ditugu gure argitalpenak”. Lehenengo elkarrizketa urtarrilean plazaratzeko asmoa daukate. “Elkarrizketakaz hasiko gara, baina erantzuna ona bada, beste kazetaritza estilo batzuk landu gura genituzke”.
Herriko umeek ere euren txokoa eduki dute, eta margotzen eta jolasten aritzeaz gain, Motx pailazoaren emanaldian gozatu dute. Bertsoak ere ez dira falta izan.
Sollube 707 mendi taldekoek deituta, mendi ibilaldia egin dute 09:30ak aldera Taraskatik irtenda, eta eguerdian, Goiko plazara ailegatu direnean, txalo zaparradagaz hartu dituzte.