Udaltzaingoak artefaktu piroteknikoen salmenta eta erabilera kontrolatuko du
Azaldu dutenez, uniformatutako eta kaleko arropaz jantzitako agenteak herritik "adi" ibiliko dira, gabon zaharrak bitartean.
Bermeoko Udalak artefaktu piroteknikoak baimenik gabe saltzea eta bide publikoan modu arriskutsuan erabiltzea eragotzi nahi du, horrek sortzen dituen “arriskuak ekiditeko eta elkarbizitza bermatzeko”. Hala, gaur hasi eta gabon zaharrak bitartean, Bermeoko Udaltzaingoak kanpaina berezia egingo du. Modu horretan, aipatu dutenez, uniformatutako eta kaleko arropaz jantzitako agenteak herritik “adi” ibiliko dira artefaktu hauen erabilera eta salmenta kontrolatzeko.
Kanpaina urtero egiten dutela esan dute, hainbat establezimendu eta pertsona salatu dituztela gaineratuta. “Artefaktu piroteknikoen erabilera eta salmenta kontrolatu gura dugu, elkarbizitzan arazo serioak sortzen dituelako eta oso arriskutsuak direlako. Iaz, hainbat adingabe identifikatu genituen honelako materialarekin. Kezkatzen gaituena da adingabe hauek aitortu zutela euren gurasoek erosi zizkietela artefaktu piroteknikoak. Jendea sentsibilizatu gura dugu eta, dagokionean, behar diren diligentziak zabaldu”, azaldu du Bermeoko Udaltzainburu Aritz Floresek.