Osasun larrialdia indarrean da
16:30ean bilduko da LABI Larrialdietarako Aholku Batzordea
Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatu du Jaurlaritzak, eta LABIren Aholku Batzorde Berria eratu du. 16:30ean batuko da gaur, zein neurri hartu erabakitzeko.
Larrialdi egoera indarrean, ostalaritzan, merkataritzan eta kultur ekitaldietan edukierak eta ordutegiak mugatzeko aukera izango du gobernuak. Hala ere, gaur hartuko dituzten erabakiak “neurrikoak” izango direla esan du Urkulluk, eta indarrean bihar edo zubi ostean sartuko diren ere gaur aztertuko dute.
Gainera, gaur hartu du Jaurlaritzak Auzitegi Gorenaren ebazpena, eta osasun ziurtagiria ahalik eta lasterren ezarri gura du. Dena den, oinarrizko eskubideak ezingo ditu murriztu; beraz, herriak ezingo ditu itxi, ezta etxeratze agindurik ezarri.
Azken datuen arabera, goranzko joera
Busturialdeari dagokionez, azaroaren 29tik abenduaren 1era COVID-19aren 53 positibo zenbatu dituzte: 27 Gernika-Lumon, 15 Bermeon, 3 Busturian, bina Ajangizen, Ean eta Mundakan eta bana Arratzun eta Errigoitin.
Gaur gaurkoz, eskualdeko 16 udalerrik daukate 150 intzidentzia-tasa baino altuagoa, eta hortaz, eremu gorrian daude: Ajangiz (909,09), Arratzu (487,80), Bermeo (490,83), Busturia (184,96), Ea (478,47), Elantxobe (280,11), Ereño (362,32), Errigoiti (408,16), Gernika-Lumo (535,46), Ibarrangelu (161,03), Kortezubi (226,24), Mendata (493,83), Mundaka (271,30) eta Sukarrieta (598,80).
Azken zazpi egunetako datuei dagokionez, Gernika-Lumon zenbatu dituzte positibo gehien: 61. Bermeon, berriz, 40 izan dira.
Hala, eremu gorrian egonda ere, azkenengo zazpi egunetan positiborik ez dute zenbatu Elantxobe, Ereñon, Ibarrangelun, Kortezubin eta Mendatan.