Gernikak Mersinen kontra lehiatuko du Eurokoparen hurrengo fasea
EuroCup Women txapelketaren lehenengo kanporaketaren joaneko partidua Malosten jokatuko dute abenduaren 15ean, eta bueltakoa Turkian izango da hilaren 22an edo 23an. Ariztimuñok dio talde turkiarra Eurokopako talderik "gogorrenetarikoa" dela, eta daukaten "aukera aprobetxatu behar" dutela.
Lointek Gernika Bizkaiak ez du azken hitza esan Eurokopan. H multzoan hirugarren sailkatuta, atzo gainontzeko partiduen emaitzen zain zeuden Gernikan, eta azkenean, Europako onenen artean lehiatzen segituko du.
CBK Mersin talde turkiarraren kontra jokatuko du lehenengo kanporaketa; joanekoa etxean, eta bueltakoa, kanpoan. Abenduaren 15ean [eguaztena] jokatuko dute Malosten, eta abenduaren 22an edo 23an Turkian.
Itziar Ariztimuño Gernikaren jokalariak esan duenez, Eurokopako talderik “gogorrenetarikoa” da: “Talde indartsua da; jokalari asko WNBAkoak dira. Talde oso ona eta lehiakorra da. Baina, Eurokopako partiduetan edozer gerta liteke. Daukagun aukera aprobetxatu behar dugu”.
Herenegun etxean Flammes Caroloren kontra 56-58 galdu ostean, 24 ordu itxaron behar izan dute Eurokopan segituko zuten edo ez jakiteko. Lehen fasean H multzoan lehiatutako sei jardunaldietatik–urrian eta azaroan jokatu dituzte partiduak– bi irabazi eta lau galdu ditu talde gernikarrak. Hain zuzen, etxeko hiru partiduak galdu ditu.