Euskara, aro berrirako lanabesa
Eudelek dio euskararen etorkizuneko erronka dela komunikazio eta jarduera eremu berrietan dagokion tokia hartzea. Eremu ez formaletakoa euskararen erabilera landu beharra dagoela diote, "aurrerapauso sendoak emanez eta jarraikortasunez. Gaurko Euskararen Nazioarteko Egunerako hamaika ekintza antolatu dituzte Busturialdeko herrietan.
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Berraktibatzeko garaia da, euskararen alde ekitekoa. Euskararen biziberritzearen aldeko pauso esanguratsuak eman behar direla adierazi dute euskararen aldeko bi egitasmo sozialik handienek, Korrikak eta Euskaraldiak, eta “atzera pausorik ez emateko” aurrera pausoak ematen jarraitu behar dela azpimarratu dute.
Aro berrirantz joateko lanabesa da euskara. Hala dio gaurko Euskararen Nazioarteko Egunerako erakundeek onartutako adierazpenak. Izan ere, aro berrian, harreman eta komunikazio molde, ohitura eta bide berriak sortzen ari dira, eta are berriagoak sortuko dira. Errealitate horren aurrean, dagokion tokia hartu behar du euskarak. Izan ere, pandemiak argi utzi du komunikazio ildo eta sareak “ezinbesteakoak” direla, baita komunikazioak balioa eransten diola edozein jarduerari ere: “Sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori berau du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko”.
IKTek hizkuntza gutxituen hedapena indartzeko jarritako erronka handiari aurre egiten ari zaio euskara, komunikazio eta informazioaren teknologien sareetan: “Badu tokia. Baliagarria da. Eta zaila du hizkuntza ozeano erraldoi horretan horrelakorik lortzea”. Eudelek onartutako adierazpenak dio “eredugarria” dela alor horretan euskal hiztun komunitateak egin duen eta egiten ari den lana, “besteak beste erabilerarekin zuzenean loturiko presentzia delako euskarari benetako balio erantsia dakarkiona”.
Eremu ez formala. Hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa ere landu beharra dagoela diote, “aurrerapauso sendoak emanez, jarraikortasunez, etengabeko berrikuntzaren bidetik eta denon konpromisotik”. Euskal hiztunak “naturaltasunez” gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera: eguneroko harremanetan eremu formaletik hasi eta lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean ere; izan ere, hori da euskaraz bizitzearen esanahietako bat. “Horretarako, hiztunen konpromisoa ez ezik, ezinbestekoa izango da instituzioek egin behar duten ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz“.
Eta eremu ez formal horretan jarri dute fokua aurten. Euskalzaleen topaguneak Haurren aurrean helduok heldu ariketa soziala prestatu du, haurren aurrean helduek dituzten hizkuntza praktiketan eragiteko eta euskararen erabilera areagotzeko. Halaber, haur eta gazteentzako Euskarazko Produktuen Katalogoa banatuko du hainbat udalerritan Eusko Jaurlaritzak, tartean Bermeon; hain zuzen, 16 urtera arteko ume eta gazteen etxe guztietara iristeko liburuxkaren 1.500 ale eta QR-a duen 800 markatzaile banatuko ditu, ikastetxeen bitartez. Herriko liburu eta jostailu dendetan ere eskuragarri egongo dira katalogoak.
Herritik sortu da euskara, eta hizkuntza biziberritzeko prozesua “denen” ardura da. Hori horrela, Busturialdeko euskararen aldeko eragile eta taldeek hamaika ekintza prestatu dituzte egun hauetarako: “Euskara prest dugu; gure gizartea, gogotsu; gure herria, erabakia hartuta. Abia gaitezen”.
Gernika-Lumon, esaterako, Berbalagunek antolatuta 11 orduko irakurtaldian elkartu ziren atzo udalerriko bizilagunak. Pako Aristiren Urregilearen orduak liburua irakurri zuten ikastetxeetako ikasle, irakasle, udal ordezkari zein Berbalagunkideek.
Mundakako Udalak ere zenbait ekintza zituen antolatuta, baina pandemia tarteko, bertan behera uztea erabaki du.
Hala ere, hamaika aukera daude asteburuan euskara sustatzen jarraitzeko.