"Eremu eroso, euskaldun eta konfiantzazko bat eskaintzen du Berbalagun egitasmoak"
Orkatz Gandiaga Ibarzabal Berbalagun egitasmoko dinamizatzailea da. Bidelagunen eta bidelarien beharra azpimarratu ditu, konfinatzazko eremu batean euskaraz praktikatu nahi dutenen eskaera asetzeko.
Zertan datza Berbalagun egitasmoa?
Euskaraz praktikatzeko edo egiteko aukera ez daukan pertsona horri eremu eroso, euskaldun eta konfiantzazko bat eskaintzen dio Berbalagun egitasmoak. Askotan gertatzen da kalean jendeak konplexuengatik edo txarto berba egiteko beldurragatik ez duela euskara erabiltzen. Hanka sartzeak egiteko ez dago inongo arazorik. Beraz, lotsak alde batera laga, eta pertsona horiei beste pauso bat aurrera emateko lekua eskaintzen die Berbalagunek.
Eta zein da bere helburua?
Lau helburu dituela esango genuke. Alde batetik, euskaraz ikasi nahi duen horri edo praktikatu nahi duen horri euskara maila hobetzen laguntzea, eta horren barruan, hizkuntzarekiko konfiantza eta horrek dakarren guztia lortzea. Bigarrenik, euskarazko harreman sareak sortzea, eta horregaz batera, erabilera sustatzea etorriko litzateke, gero hori ere kalean islatzeko. Hirugarrenik, euskarekiko atxikimendu edo motibazioa lortzea eta praktikotasuna lortzea. Eta, azkenik, honegaz guzti honegaz euskararen normalizazio horretan euskarari laguntzea.
Zeini dago zuzenduta?
Egitasmoa edozeini dago zuzenduta. Bai euskaraz praktikatu nahi dutenei edo eremu horiek aurkitu nahi duten bidelariei eta baita ere horiei lagunduko dieten bidelagunei edo euskaldun osoei. Azkenean, jendeak euskara praktikatu eta erabiltzea nahi baldin badugu, norberak ere euskara ikasi nahi dutenei erraztasunak edo laguntza hori eman beharko die. Euskaraz berba egiteko geratzen direnek beti ere errazago ikasiko dute dakien edo lagundu ahal dien baten eskutik. Euskara denona bada, denok lagundu beharko dugu normalizazio prozesu horretan. Pertsona bati euskara ikasi behar duela esatea erraza da, baina euskara ikasi nahi duen pertsona horri konfiantza nahikoa ematea ere garrantzitsua da. Eta Berbalagunek, azken batean, eroso eta epaitu barik sentitu daitezen espazio bat eskainiko die.
Eskualde euskaldun batean taldeak sortzea erraza da?
Nahikoa zaila da. Eremu oso txikian bizi gara, eta batzuetan bidelariak eduki ditugu, baina bidelagunak falta izan ditugu eta alderantziz. Eremu euskaldunean bizi garenez, ikasten daudenek uste dute kalean ere egin dezaketela euskaraz. Baina errealitatea bestelakoa izaten da. Praktikatu nahi duenari euskaraz egitea kostatu egiten zaio, gauza batzuk ez dituelako ulertzen edo euskalkia erabiltzen delako edo euskaraz txarto egiteko konplexuak eta lotsak ere eduki ditzakeelako. Euskaraz ikasten ari denari lagunduko diotela esaten dute beste batzuek, baina askotan pazientzia falta zaigu, eta aurrean daukagunari kosta egiten zaiola ikusita, izan daiteke erdaraz ere erantzutea. Berbalagunen lotsak alde batera laga eta halako egoerak saihesten dira; euskaraz egitea da konpromiso bakarra, beraz, gauzak lasai hartzea da onena.
Parte hartzeko gutxiengo baldintzarik eskatzen da?
Hau guztia borondatezko egitasmo bat da. Bidelaguna, berez, ez da irakasle bat. Hori dela eta, bidelariei B1 maila bat edukitzea gomendatzen diegu, euskaraz erraz ulertu eta komunikatzeko.
Parte hartzaileek zer konpromiso maila hartu behar dute?
Euskaraz aritzeko eta ezartzen diren datak eta ordutegiak errespetatzeko eskatzen zaie bakarrik bidelagun eta bidelariei. Azkenean, beste pertsona edo talde bategaz astero geratzeko gelditzen bazara, konpromiso hori mantentzeko eskatzen da.
Zer maiztasunegaz geratzen dira Berbalagunak?
Hori taldea osatzen dutenen artean adosten da, taldearen ezaugarrien eta nahien arabera. Eurek erabakitzen dute eguna, ordua eta lekua. Taldeak kafea hartzeko, paseatzeko, musikaren inguruan edota mendira joateko geratzen dira, betiere, euren nahien arabera. Gehienak astean behin geratzen dira, eta ordubete inguruko saioak egiten dituzte. Baina badaude beste talde batzuk beste maiztasun bategaz batzen direnak. Ondarroan, esate baterako, kontzertuen bueltan batzen den talde bat dago. Hilabete batean, beharbada, lau bider geratuko dira, eta hurrengoan kontzerturik ez baldin badago, ez dira geratuko. Markina-Xemeinen, bestalde, liburuen bueltan batzen den talde bat ere badago. Euskaltegiko ikasle batzuk geratzen dira liburu bat irakurri eta horri buruz euskaraz aritzeko. Horiez gain, aparteko ekintzak egiten ere ahalegintzen gara.
Zelako ekintzak?
Eskulanen tailerrak, txangoak edo ibilaldiak, ikastaroak, bazkariak… antolatzen ditugu urtero. Horregaz gain, Euskararen Egunaren bueltan, mintzodromoa ere antolatzen saiatzen gara. Normalean herri mailan dauden taldeak elkar ezagutzeko antolatzen dira ekintza horiek, baina lantzean-lantzean eskualde mailan ekintzaren bat edo beste ere egiten dugu. Konfinamendu garaian, esate baterako, argazki lehiaketa bat antolatu genuen.
Zelan antolatzen dira taldeak?
Ahalegintzen gara taldea osatzen dutenek antzekotasun batzuk edukitzea, baina askotan zaila izaten da. Askotan zaila izaten da momentuan jende egokia aurkitzea elkarregaz geratu ahal dena. Beste batzuetan, jendea etortzen doan heinean taldeak osatzen joaten gara.
Zer euskalkitan aritzen dira?
Denetariko taldeak ditugu. Taldekideek eskatzen dutenaren eta bakoitzaren euskara mailaren arabera erabakitzen da hori.