COVID ziurtagiria zapatu honetan sartu da indarrean
Larrialdi egoera aktibatu ondoren, barikuan batu zen Labi larrialdietarako aholku batzorde berria. Urkulluk esan duenez, ziurtagiria erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea da Jaurlaritzaren asmoa
Gaueko aisialdirako espazioetan, dantzarako aukera eskaintzen duten lekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan sartzeko beharko da ziurtagiria aurrerantzean. Halaber, beharrezkoa izango da 50 pertsona baino gehiago biltzen diren jatetxeetan.
Gerora begira ere, osasun ziurtagiria ahalik eta espazio gehienetan eskatzea da Jaurlaritzaren asmoa baina, horretarako, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren oneritsia beharko du. Besteak beste, jendea zutik biltzen den espazio itxietara, gimnasioetara edo kirol jarduera egiten den bestelako espazioetara, zaharren egoitzetara edo ospitaleetara sartzeko ere ziurtagiri hori eskatzea aztertuko dute.
Birusak eta arriskuak gure artean jarraitzen dute, kutsatzeko arriskua dakarten egoerak saihestu behar ditugu. Gure ohiturak errealitate horretara egokitu behar ditugu, eta gure osasun indibiduala, gure osasun kolektiboa eta gure ingurukoen osasuna zorrotz babesten jarraitu”, adierazi du Urkulluk.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari (577koa zen abenduaren 3an EAEn).
Azken datuen arabera, goranzko joera
Busturialdeari dagokionez, azaroaren 29tik abenduaren 1era COVID-19aren 53 positibo zenbatu dituzte: 27 Gernika-Lumon, 15 Bermeon, 3 Busturian, bina Ajangizen, Ean eta Mundakan eta bana Arratzun eta Errigoitin.
Gaur gaurkoz, eskualdeko 16 udalerrik daukate 150 intzidentzia-tasa baino altuagoa, eta hortaz, eremu gorrian daude: Ajangiz (909,09), Arratzu (487,80), Bermeo (490,83), Busturia (184,96), Ea (478,47), Elantxobe (280,11), Ereño (362,32), Errigoiti (408,16), Gernika-Lumo (535,46), Ibarrangelu (161,03), Kortezubi (226,24), Mendata (493,83), Mundaka (271,30) eta Sukarrieta (598,80).
Azken zazpi egunetako datuei dagokionez, Gernika-Lumon zenbatu dituzte positibo gehien: 61. Bermeon, berriz, 40 izan dira.
Hala, eremu gorrian egonda ere, azkenengo zazpi egunetan positiborik ez dute zenbatu Elantxobe, Ereñon, Ibarrangelun, Kortezubin eta Mendatan.