Gaurko Eurokopako partiduen zain daude
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokoparen 6. jardunaldiko partidua galdu du, eta H multzoko bigarren sailkatu moduan zuzenean hurrengo fasera sailkatzeko aukera galdu du. Beste multzoetako gaurko partiduen emaitzen zain daude; ia ezinezkoa dauka hirugarren sailkatu onenen artean geratu, eta aurrera egitea.
Eurokoparen etxeko partidu bakar bat ere ez irabaztea–hiru jokatu dituzten Malosten– garesti ordaindu du Lointek Gernika Bizkaiak. H multzoko bigarren geratuta, hurrengo fasera zuzenean sailkatzeko aukerarik barik geratu zen atzo. 6. jardunaldiari dagozkioen hainbat partidu jokatuko dituzte gaur, eta beraz, horien emaitzen zain daude. Ia ezinezkoa dauka hirugarren sailkatu onenen artean geratu, eta aurrera egitea, baina zer gertatuko den jakiteko gaur gauerarte itxaron beharra dago.
Gernika-Lumoko taldeak 56-58 galdu zuen Flammes Caroloren kontra bart [abenduak 1]. Azken segunduetan ihes egin zien garaipenak etxekoei. Partidua parekatua izan zen azken momentura arte, eta defentsek ezarri zuten erritmoa. 15 eta 13 amaitu zuten lehenengo laurdena, eta 28nako berdinketagaz lehenengo zatia. Gero, puntu bakarreko aldeagaz (45-46) sartu ziren azkenengo laurdenera.
Malosteko taldeak amaieraraino borrokatu zuen, eta marea granatearen bultzada galanta igarri zuten jokalariek, beste behin. Ez zen gutxiagorako. “Maloste beti da gure seigarren jokalaria, eta animoak asko nabaritzen ditugu”, esan zuen Itziar Ariztimuño Gernikaren jokalariak.
Lur jota eta atsekabetuta amaitu zuten partidua jokalariek, baina, Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak esan moduan, multzoaren maila altua ikusita, “talde handien kontra aurpegia eman dute”, eta liga garaipenen eta Erregina Kopara sailkatzeko helburua lortzeko buru-belarri lan egiteko unea da. “Uste dut taldeak dena eman duela Eurokopan. Baina halako partidu batean beharrezkoa da asmatzea, eta ez dugu lortu”. Besteak beste, erasoan, baina, ausardia gehiago behar izan zuen, eta ideiak argi edukitzea, arintasuna eta irmotasuna falta izan zitzaizkion hainbat momentutan.
Mario Lopez (Gernikaren entrenatzailea): “”Uste dut taldeak dena eman duela Eurokopan. Baina halako partidu batean beharrezkoa da asmatzea, eta ez dugu lortu”
20 baloi galdu zituen etxeko taldeak, eta finaletan eta finalen moduko hil ala biziko partiduetan hori onartezina da. Lopezen berbetan, “partidua zelakoa izan zen islatu zen” azkenengo hiru minutuetan: “Ez dugu partidu ona egin, eta momentu batzuetan zalantzakaz jokatu dugu. Partidu hauetan detaile guztiek garrantzia daukate, eta zenbait jokaldi erabakigarritan ez dugu asmatu”.
Azkenengo segundoan zeudela, Ariztimuñorena izan zen markagailua iraultzeko azken aukera; hirukoan huts egin zuen bilbotarrak. Frantziarren indarra nabarmendu zuen: “Partidu oso gogorra izan da, amaiera zaila. Eurak fisikoki oso ondo daude, eta defentsan asko nabaritzen da. Egia da partidu osoan berdinduta egon garela, eta azkenean erabaki da partidua. Esperientzia oso ona da. Ligan jokatzen den jokoa desberdina da; Eurokopa askoz fisikoagoa da. Europan jokatu ahal izatea, aurtengo kasuan, Frantzian eta Italian, eskertzeko gauza da”.
Roso Buch Gernikaren jokalari katalanak esan zuen partidua azken segundoetan ez erabakitzeko beharra egiten ahalegindu zirela aurretik. Flammes Carolokoek eurek baino zorte gehiago eduki zutela gaineratu zuen, eta eurek saski azpian huts egindako saskiratzeak aitortu zituen: “Baina taldearen jarrera ona izan da. Amaierara arte borrokatu dugu. Orain arte modura, lan egiten eta borrokatzen segituko dugu”.
Buchek lan asko egin dutela azpimarratu zuen: “Eurokopan lan oso ona egin dugu; asko borrokatu dugu. Hasieratik bagenekien multzoa oso gogorra zela. Etxetik kanpo bi partidu irabazi ditugu, hori zaila bezain arraroa izaten da Eurokopan”.
Roso Buch (Gernikaren jokalaria): “Taldearen jarrera ona izan da. Amaierara arte borrokatu dugu. Orain arte modura, lan egiten eta borrokatzen segituko dugu”
Domekan, Gironan. Gaur gertatzen dena gertatuta ere, ligako hurrengo partidua prestatu beharra dago, eta Lointek Gernika Bizkaiakoek Kataluniara bidaiatuko dute asteburuan. Emakumezkoen Ligaren 11. jardunaldian, talde gernikarrak Spar Gironaren kontra jokatuko du domekan [abenduak 5], 18:00etan.
Buch Gironako kapitaina izan zen, eta “bidaia gogorra” izango dela gogoratu zuen. Liga oso parekatuta ikusten du mataroarrak: “Liga beste kontu bat da bat da. Aurten oso berdinduta dago. Nahi genuen bidean gaude orain; hainbat partidu segidan irabazi ditugu, hori nahi eta behar genuen”.
Talde moduan “hazten segitu” behar dutela aipatu zuen: “Erregina kopan egoteko lan egin eta borrokatuko gara, eta denboraldi amaierara arte horretan ariko gara, ligako lehenengo lauren artean egoteko”.