Ekoetxea Urdaibaik martxan dauka bilketa solidarioa
Bi txandatan egingo dute bilketa: gaurtik abenduaren 13ra bitartean eta urtarrilaren 12tik 26ra.
Busturiko Ekoetxea Urdaibaik arropak eta jostailuak batzeko gune solidarioa jarri du beste behin ere zentroan. Jakitera eman dutenez, bi txandatan egingo dute bilketa. Lehenengoa gaur bertan hasi da eta abenduaren 13ra bitartean izango da, eta bigarrena, berriz, urtarrilaren 12tik 26ra izango da.
Ekoetxea Urdaibaik bultzatutako ekintzak helburu bikoitza duela diote; alde batetik, kolektibo behartsuenekiko laguntza eta solidaritatea adieraztea, eta bestetik, batzuentzat erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea eta berrerabiltzea.
Aurrekoetan egin modura, bilketa solidarioaren gunean utzitako erabilitako arropa eta jostailuak irabazi asmorik gabeko Koopera Gizarte eta Ingurumen Elkarguneak batuko ditu. Koopera giza ekimena sustatzen duen kooperatiba eta enpresa taldeak osatzen dute. Aipatu elkarteak ingurumen babesa eta giza berrikuntzaren inguruko ekintzak sustatzen ditu, eta era berean, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona horien laneratze eta gizarteratzea bilatzen du. Ekonomia Zirkularra bultzatzen duen elkartea da.