Bertoko uzta berriro ere Durangon
Busturialdeko artista eta egileek beraien lanak presentzialki aurkeztu eta saldu ahalko dituzte aurten. Abenduaren 3tik 8ra, azokara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea
Herritarrei ateak irekiko dizkio bihar [abenduak 3] Durangoko Azokak. Aurtengo edizioa ere berezia izango da, baina bere itxura berreskuratuko du Landako guneak. Abenduaren 8ra bitartean, euskal kulturgileen lanak ikusgai eta salgai izango dira bertan, baita Busturialdeko sortzaileenak ere.
Musika taldeen lanak, idazleen liburuak eta zuzeneko aurkezpen eta proiekzioak izango dira bisitariek berriro aurten eskura izango dituztenak.
LAN BERRIAK, AHOTSENEA eta IRUDIENA
Azoka gunean ipiniko dituzten 219 erakusmahaietatik aparte, Ahotsenearen eszenatokia izango den Plateruenan ere izango dira bertoko artistak. Addar, Dientes de Luna, Gatom, Erabatera, Kaleko Urdangak eta Sueder taldeek beraien azken lanak zuzenean aurkezteko aukera izango dute.
Irudienean, berriz, Ibon Meñikak eta Haritz Petralandak gidatutako Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen lana ikusi ahalko da abenduaren 7an, 17:00etan.
Azoka presentzialki bisitatzeko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserbea egitea durangokoazoka.eus webgunean.