Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatu dituzte
Sindikatuen deialdiagaz bat egin dute eskualdeko herritarrek, eta pertsona guztien bizitzak eta planetaren biziraupena erdigunean jarriko dituen neurri politikoak aldarrikatu dituzte.
Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko eta lan eta pentsio erreformen kontra egiteko elkarretaratzeetan batu dira gaur Bermeon eta Gernika-Lumon. Oinarrizkoak diren aldarrikapen horiek batzen dituztelako, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuen deialdiagaz bat egin dute eskualdeko herritarrek. Halaber, kontserbera sektoreko langileen borroka babestu dute.
“Ezarri nahi dituzten erreformen aurrean, hamaika eragile batu gara murrizketarik onartuko ez dugula ozen adierazteko. Denon lanari esker lortutako eskubideen defentsak batzen gaitu”, adierazi dute.
Sindikatuak “kezkatuta” azaldu dira pentsioen erreformarako lege proiektuaren erretiro aurreratuan murrizketak ezarri gura dituztelako: “Ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, ezta genero arrakala gainditzea ere. Dakigunaren arabera, aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez dira indargabetuko, eta pentsio sistema publikoa ez da sendotuko”.
Lan erreformen nondik norakoak “are ilunagoak” direla diote; izan ere, “ez dirudi” Euskal Herrian bertoko lan hitzarmenak “negoziatzeko eskubidea bermatuko” denik. “Ez dirudi aurreko erreformen funtsezko puntuak indargabetuko direnik, esaterako, kaleratzeko erraztasuna. Erreforma haiek baldintzatzea da helburua, eta mobilizazioa da horretarako bidea”.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du “orain” dela lan harremanak eraldatzeko eta lan duina bermatzeko “borrokatzeko momentua”, baita pentsio publiko duinak bermatzeko eskatzekoa ere: “Argi dago, batez ere pentsioen gaian, murrizketa berriak datozela. Erabaki horietan eragin nahi badugu, ezin dugu zain geratu, ekin egin behar dugu, ezin dugu denbora pasatzen utzi eta denbora hori agortzen ari da”.
Madrilen posible ez dena Euskal Herrian egingarri egiteko mobilizatu direla diote gizarte eragileek: “Europar Funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira, eta hori inola ere ezin dugu onartu. Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi eta lan baldintzak. Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten espainiar estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari”. Adierazi dute transferentzia horietan “ez zaiela erantzunik eman” Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialen eskaerei. Hori horrela, egoera hori iraultzeko beharra ikusi eta bat egin dute sindikatuek deitutako mobilizazioekin.
Salatu dute Euskal Herriko erakundeek ez dutela “ezer jakin gura” oinarrizko zutabeak eraldatzeaz, hau da, osasun, hezkuntza edota zaintza sistema publikoari eraldatzeaz; ez eta premiazko erreforma fiskalari ekiteaz ere. “Aurrekontu politika zekenen jarraipenak, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aldeko politikak eta gizarte prestazioak gehiago murriztu gurak, krisian dagoen tokiko merkataritza babesteko neurri ezak… adierazten dute 2008ko krisialdian eta pandemian zehar ikasitakoa ez dutela aintzat hartu gura”.
Eskerak. Egoera honen aurrean, pertsona guztien bizitzak eta planetaren biziraupena erdigunean jarriko dituen neurri politikoak aldarrikatu dituzte, “norabide aldaketa sakona eskatuz”; horretarako, adierazi dute “ezinbestekoa” dela erabaki burujebeak hartu eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna izatea.
Lan guztiak aitortu eta banatzeko neurriak “beharrezkoak” direla diote, eta lan baldintza duinak bermatzeko momentua dela azpimarratu dute. “Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko. Pentsio duinak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala”.