Sindikatuen arabera, ia erabateko erantzuna izan du Bizkaiko arrain kontserben grebak
Manifestazio amaieran langileak zoriondu dituzte, "fabrikak hustu eta herria duintasunez" betetzeagatik. Abenduaren 14an daukate hurrengo batzarra patronalagaz.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreak greba eguna du gaur. “Lan hitzarmen duin” baten aldeko greba da gaurkoa, eta gaur ere kalera atera dira Bermeon; manifestazioa egin dute Salicatik atera eta Lameraraino, herria zeharkatuz. Herritarren txalo zaparradak ere jaso dituzte langileek, hainbat kaletan.
Sindikatuen arabera, “arrakastatsua” izan da greba deialdia, “%90eko erantzuna izan du”. Manifestazio amaieran langileak zoriondu dituzte, “fabrikak hustu eta herria duintasunez” betetzeagatik.
“Badakigu gogorra dela greba egitea eta dirua galtzea, are gehiago, 1.000 eurora heltzen ez diren soldatekin. Espero dugu gaurkoan patronalak gaur gertatutakoaren irakurketa egitea. Gaur lehenengo greba eguna da, eta euren esku dago azkena izatea”, azaldu dute sindikatuetako ordezkariek.
Mahai gainean lan baldintza eta soldata duinak jartzen ez baldin badituzte, greba egun gehiago deituko dituztela iragarri dute; “sektoreak merezi du”. Jakitera eman dutenez, hurrengo batzarra abenduaren 14an (martitzena) daukate, eta hortik ateratzen denaren arabera hartuko dituzte erabakiak.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Cebek Bizkaiko patronalak ez du sektoreko langileen baldintzak “negoziatzeko borondaterik erakutsi”. Horregatik, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta haien “kontrako gehiegikeriak” amaitu daitezen egin dute greba.
Lau sindikatuak ados daude soldatetan jauzi handi bat eman behar dela, baina horrez gain, “lan baldintzetan hobekuntzak eman behar direla”.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.