Mundakako Udalak Urdaibaiko Esentziak azoka antolatu du zapaturako
Udaletxeko arkupeetan bilduko dira ekoizleak, 11:30etik 15:00etara.
Mundakako Udalarentzat “garrantzitsua” da lehen sektorea laguntzea. Hala, abenduko zubiko azoka bueltatuko da herrira zapatuan, formatu berri bategaz. Orain arte Txakolin Eguna izaten zena, Urdaibaiko Esentziak izango da aurten eta eskualdeko ekoizleak egongo dira bertan.
Udaletxeko arkupeetan izango da azoka, 11:30etik 15:00etara. Bertaratzen direnek Urdaibaiko produktuak izango dituzte aukeran; ogia, gaztak, gozoak, txakolina, sasoiko ortuariak, patea, kontserbak… “0 kilometroko produktuak gehienak, guztiak kalitatezkoak eta gure kultura eta tradizio gastronomikokoak”.
Aipatu dutenez, Mundakako garapen ekonomikoa bultzatzeko udalaren estrategiaren parte da zapatuan egingo duten azoka; “batetik, eskualdeko lehen sektorea babesteko eta herriko aisialdi arduratsua dinamizatzeko, eta bestetik, turismo iraunkor desestazionalizatua erakartzeko bitarteko bat ere bada. Gure nortasun enogastronomikoa ezagutuz gozatzen duen turismoa, hain zuzen ere”.
Beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak beteta egingo da azoka, “bertaratutakoen eta parte hartuko duten ekoizleen segurtasuna bermatzeko”.
“Pandemia sektore guztietan eragiten ari da, eta lehen sektorea babestea oso garrantzitsua da Urdaibain; izan ere, gure marketako bat da eta gure esentzia. Gure baserriko eta arrantzako produktuak aparteko lehengaiak dira, bertoko gastronomiaren eta kontserben eta txakolin upategien moduko funtsezko lehen transformazioko industriaren oinarria. Horregatik, Urdaibaiko produktuen erosketak sustatu gura ditugu Gabonei begira. Azpimarratu gura dugu, halaber, pandemia dela eta, aurton ez dela dastaketarik eskainiko, eta, gainera, ibilbide bat diseinatu da publikoak sarrera eta irteera ordena jarrai dezan, kontrako norabideetan inor gurutzatu barik. Ahal den neurrian, guztiontzako lagungarria den nolabaiteko normaltasuna berreskuratu gura dogu, baina osasun erantzukizun zorrotzagaz”, azaldu du Mundakako alkate Irati Gondrak.