Inma Ruizek urrezko bi domina irabazi ditu pista estaliko Espainiako Txapelketan
400 metroko lasterketan urrea eta txapelketaren errekorra egitea ere lortu du, eta 800m-koan ere txapeldun geratu da. Gainera, 1.500m-ko lasterketan eta errelebokakoan zilarrezko dominak eskuratu ditu.
Urrezko eta zilarrezko dominakaz eta beste marka bat lortuz bueltatu da Inma Ruiz Teran gernikarra pista estaliko Espainiako Txapelketatik. Asteburuan lehiatu dute Ourensen (Galizia), eta 400 metroko lasterketan lortu du txapelketaren errekorra egitea.
Hain zuzen, zapatu goizean [azaroak 27] egin zuen 400 metroko lasterketa. F60 (60-64 urte) kategorian ari da atleta gernikarra, eta 400m-ko proban minutu bat, 15 segundo eta 86 ehuneneko marka ezarri zuen, aurreko errekorra bi segundotan hobetuz. Ia zortzi segundoko aldea atera zion Nieves Checa Rodriguez bigarrenari (1.23,80) eta Luisa Rodriguez Parrak osatu zuen podiuma, minutu bat, 24 segundo eta 36 ehuneneko denboragaz.
Zapatu arratsaldeko 800 metroko lasterketan ere podiumaren gorenera igo zen Ruiz. 2 minutu, 45 segundo eta 82 ehunenetan amaituta lortu zuen urrezko medaila. Hiru minututik gora geratu ziren hurrengo korrikalariak. 400m-koan hirugarren sailkatu zen Rodriguez geratu zen txapeldunorde 800m-koan, 3 minutu, 11 segundo eta 54 ehuneneko denboragaz. Maria de los Angeles Rodriguez del Riok lortu zuen hirugarren postua (3.22,46).
Domekan, berriz, 1500m-ko lasterketa eta errelebokako 4x200m-koan parte hartu zuen gernikarrak, eta bietan zilarrezko dominak irabazi zituen.
1.500 m-koan Maria Esther Pedrosa Carrete geratu zen txapeldun, 5 minutu eta 15 segundoko markagaz, eta Ruizek harengandik 15 segundo eta 2 ehunenera amaitu zuen lasterketa. Mari Angeles Ripoll Pernasek lortu zuen brontzezko domina (6.09,80).
Erreleboetako proban, F45 kategorian lehiatu zen, Durango Kirol Taldearen ordezkari legez. Club Atletismo Sadakoak izan ziren azkarrenak (2.07,63). Ruizek, Natalia Millan Riosek, Sonia Oceja Salazarrek eta Eva Sans Cruzesek 2 minutu, 12 segundo eta 53 ehunenetan amaitu zuten proba.