Denboraldiko lehenengo porrota
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika RTk bi puntugatik galdu du RC Riojaren kontra, Logroñoko Pradoviejo zelaian. Jokalari bat gutxiagogaz jokatuta ere, lehen zatian alde nabarmenagaz nagusi izan dira basurdeak, baina bigarren zatiaren azken hamar bat minutuetan garaipenak ihes egin die.
Liga hasierako bi partiduak irabazi ostean, denboraldi honetako lehenengo porrota heldu zaio Gernika Rugby Taldeari. 29 eta 27 galdu du zuen RC Riojaren kontra zapatu arratsaldean [azaroak 27], Logroñoko Pradoviejo zelaian.
Gernikako eta Getxoko jokalariekin osatutako taldeak jokalari bat gutxiagogaz bidaiatu zuten Errioxara. Zelaian etxekoek zeukaten nagusitasuna ez zen igarri lehenengo zatian, aitzitik, Gernika RTk errenta polita lortu zuen. Baina, bigarren zatian jokalari errioxarrek errenta murriztea lortu zuten.
“Bat gutxiago izatean, beldurrez joan ginen, eta gainera, eurena zelai artifiziala da, eta gurea naturala, eta ardura hori ere bageneukan. Hala ere, oso ondo hasi ginen; irabazten egon ginen hogei bat puntuko aldeagaz”, diote Gernika RTren jokalariek.
7 eta 17ko emaitzagaz amaitu zuten lehenengo zatia, eta bigarren zatian errenta handitu zuten (7-22). RC Riojakoek aldea murriztea lortu zuten (12 eta 22), baina Gernika RTren Areneren entseguagaz 12 eta 27ko markagailura heldu ziren.
Bigarren zatian basurdeek lasaiago jokatu zuten, eta 50. minutuan, epaileak Areneri txartel horia ateratzeak jokoa baldintzatu zien. Zelaiko nagusitasuna ondo aprobetxatzen jakin zuen etxeko taldeak, eta errenta murriztu zuen. Zenbait minututan parean ibili ziren bi taldeak, azkenengo hamar minutuetan, baina, Logroñoko taldeak bi puntuko tartea lortu, eta amaierara arte eutsi zion. “Eurak nahikoa itxita jokatu zuten, eta alboko hutsuneak ikusten zituztenean, errazago heltzen ziren. Egindako partiduagatik zoriondu egin gintuzten, eta esan ziguten guk merezi genuela irabaztea”, azaldu dute Gernika RTren jokalariek.
Euren hitzetan, partidu “gogorra” izan zen, eta egindako lanagaz “oso harro” daude: “Partidu guztia jokalari bat gutxiagogaz jokatzea igarri egiten da, aldea dago, hutsuneak errazago ikusten dira eta. Gainera, azken hamar minutuetan bi gutxiagogaz egon ginenez, gehiago igarri zen. Baina, aurpegia eman genuen, sekulako jokaldiak egin genituen, eta egindako lanagaz oso harro gaude. Gero eta hobeto komunikatzen gara”.
Asteburu honetan ez daukate ligako partidurik. Hurrengo jardunaldia Durangon lehiatuko dute abenduaren 11 eta 12ko asteburuan.