Auzitegi Gorenak egoki ikusten du COVID ziurtagiria ezartzea
Epaiaren zain zegoen Jaurlaritza Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun larrialdi egoera ezartzeko, Sagarduik gaurko prentsaurrekoan esan duenez
Jaurlaritzak datozen orduetan erabaki dezake osasun larrialdi egoera ezartzea. Izan ere, Auzitegi Gorenak egoki ikusten du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan COVID ziurtagiria eskatzea, gaueko aisialdirako lokaletan eta 50 lagunetik gorako jatetxeetan sartzeko, eta Gaur [azaroak 30] egin duten Gobernu bileraren ostean eman duten prentsaurrekoan esan du Sagarduik ebazpen horren zain zeudela larrialdi egoera aktibatzeko. Dena den, Iñigo Urkullu lehendakariak erabakiko du neurri hori indarrean noiz sartuko den.
Egoera epidemiologikoak okerrera egin duelako erabaki duela Jaurlaritzak neurri berriak hartzea. Besteak beste, Lurraldearteko Kontseiluari eskaria egingo dio dekretua aldatzeko, hartara, maskara kanpoaldean erabiltzea ere derrigorrezkoa izan dadin.
Bitartekoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak babes neurriak izan badituztela esan du osasun sailburuak, eta horiek aplikatzeko eta errespetatzeko eskatu du. Zehaztu duenez, jende asko batzen diren ekitaldiak saihestea, espazio itxiak aireztatzea, eskuak sarri garbitzea, eta maskararen erabilera egokia egitea ezinbestekoak direla gogoratu du. Halaber, udal eta tokiko instituzio, elkarte eta eragileek ere neurriak hartzeko bitartekoak badituztela azpimarratu du. Hartara, babes neurriak betetzea ezinezkoa den ekitaldiak bertan behera utzi ditzatela eskatu du, eta egingo direnetan neurriak zorrozteko.
Azken egunotan adierazle guztiek okerrera egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta joera hori nabaria da Busturialdean ere. Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azaroaren 25etik 28ra 65 kasu positibo zenbatu zituzten Busturialdean. Gune gorrian dauden udalerriak hamahiru dira, gaur gaurkoz.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzo 1.274 positibo atzeman zituzten, Sagarduik esandakoaren arabera, eta Osakidetzako zentroetan 60 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota. ZIUetan 49 paziente daudela esan du osasun sailburuak.
Ikasgeletean protokoloa aldatu. Hzkuntza sailburu Jokin Bildarratzek gaur eman du jakitera aurerrantzean ikasleek osasun zentrora jo beharko dutela PCR edo antigeno proba egitera, aztarnarien deiaren zain egon beharrean. Hala, prozesua azkartu eta kutsatzeak murriztu nahi dituzte. Hala, ESI erakunde sanitario integratuak ikastetxe bateko ikasleen artean baheketa egin behar dela erabakitzen duenean, ikastetxeari emango dio abisua, eta ikastetxeko arduradunek familiei, medikuagana joateko. Osasun zentroan listu bidezko proba egingo diete ikasleei, Bildarratzek zehaztu duenez.