Suhiltzaileen beste kamioi bat dauka Bermeoko Herri Babesak
Beharrezko materiala dela diote, gaur egun erabiltzen duten bonba-kamioia "oso zaharkituta" dagoelako. Kamioi berriak herritarrei eta boluntarioei segurtasuna emango diela onartu dute.
Bermeoko Herri Babesak beste suhiltzaileen kamioi bat izango du aurrerantzean. Boluntarioek suhiltzaileekin berba egiten urteak eman ostean, urtebeteko atzerapenagaz ailegatu da kamioia Bermeora. Bizkaiko Foru Aldundiak eman die, foru erakundeak eta Bermeoko Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota baitago dohaitza.
Hitzarmen horien arabera babes zibileko boluntarioen erakundeko kideek prestakuntza eta beharrezko baliabide teknikoak jasotzen dituzte aldundiaren aldetik, talde horiek lehen instantzian jardun ahal izan dezaten, suhiltzaileak iritsi bitartean. Udalek lokal bat gaitzen dute foru erakundeak utzitako ibilgailuak eta materiala bertan gordetzeko eta zaintzeko.
Beharrezko materiala dela diote Bermeoko Herri Babesako boluntarioek, gaur egun erabiltzen duten bonba-kamioia “oso zaharkituta” dagoelako, nahiz eta mimo handiarekin zaindu duten beti. “Zenbaitetan arazoak izan ditugu; inoiz, larrialdi bati erantzuteko momentuan ere”, adierazi dute. Horregatik izan dute kamioi berria lortzeko nahia: larrialdiei hobeto erantzuteko, eta Bermeok eta herritarrek segurtasunean eta kalitatean irabazteko.
Ez dela bide erraza izan diote: “Batik bat, Bermeoko ezaugarriak kontutan hartuz, erantzun egokiena emateko gai den kamioi bat gura izan dugulako. Euskal Herriko alde zahar handienetako bat dugu, kale estu eta balkoi baxuko etxe askorekin. Baita auzo itxi edo sartzeko konplikatuak diren batzuk ere, mendi azalera handia dugula ahaztu barik”. Hori dela eta, duela bizpahiru urte jaso zuten zisterna-kamioiak ez zituela “erabat asebete” onartu dute: “Ezaugarri zehatzak dituen kamioia behar du Bermeok. Eta lortu dugu. Zisterna-kamioi horren lekukoa hartuko du kamioi berri honek”.
Kamioi berriak boluntarioei ere segurtasuna emango diela onartu dute, “ulergaitza litzatekeelako besteei laguntzera joateagatik norbere burua behar baino gehiago arriskuan jartzea”. Dohaintza honekin eurek eta herriak irabazten dutela uste dute, eta “oso eskertuta” daude.
2003an egindako hirirako kamioi autoponpa astuna da jaso dutena, eta ekipamendu osoa du kabina bikoitzarekin eta trakzio integralarekin. Kamioiak 4.000 litro ur biltzeko aukera du eta aparra sortzeko 300 litro espumogeno ditu. Goi presioko eta behe presioko ponpa konbinatua dauka. Hauek dira ibilgailuaren ezaugarri nagusiak: behe-presioan minutuko 4.000 litro ematen ditu 10 bar-eko presioan, eta, goi-presioan, 400 litro minutuko eta 40 bar-eko presioan. Zisterna beira-zuntzez indartutako poliesterrez egina dago, eta, ponpa mota horrekin batera, ibilgailua ur gazia erabiltzeko egokia da. Horrek moldakortasun handia eskaintzen du kostaldeko udalerri batean.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du “oso berri pozgarria” dela kamioi berria izatea herrian. “Eskerrak eman nahi dizkiot foru aldundiari, elkarlanean jarraituko dugu. Balioan jarri nahi nuke Bermeoko Herri Babesako boluntarioek egiten duten lana. Euren zeregina ahalik eta hobekien egiteko baliabide egokiak izatea ezinbestekoa da”, adierazi du. Eta gehitu du herritarren segurtasuna bermatzea “estrategikoa” dela udal gobernuarentzat: “Herritarren bizi kalitatea hobetzea da gure helburu nagusetako bat, eta horetarako, ahalik eta herri seguruena izan behar dugu. Gaur jaso dugun kamioi berri honek asko lagunduko du segurtasuna bermatzeko. Baliabide berri bat izango dugu, aukera berriak emango dizkiguna”.
Ia 30 urte lanean.
Bermeoko Herri Babesak ia 30 urte daramatza baliabide “gutxi eta eskasekin” funtzionatzen. Zenbaitetan, leku desberdinetatik bidalitako dohaitzekin lan egiten dute, izan partikularrek bidalitakoekin, enpresek egindakoekin, edota instituzio desberdinek bideratutakoekin. Denak “bihotzez eskertzen” dituzte, baina, azpimarratu dute, batzuetan “ezinbestekoa” dela baliabide zehatz batzuk instituzioetatik jasotzea: “Kamioi berriak 18 urte ditu. Eta gure seme-alaba baten moduan zainduko dugun arren, adinez nagusia eginda iritsi zaigu ume berria”.
Hori dela eta, “beharrezko” hausnarketa plazaratu gura diete instituzioei: “Pentsarazi gura diegu, egunero euren borondate on guztiarekin, modu boluntarioan lan egiten dutenei, zeinhai izan bakoitzaren lan-arloa, zer nolako baliabideak banatzen edo eskaintzen dizkieten. Jar ditzagun hor kamioi berriaren fokoak”.