Inama lantegi zaharraren eremua birgaituko dute, industria proiektuak garatzeko
Sprilur lurzoruaren kudeaketako sozietatie publikoak 18 milioi euro inbertitu eta Inama lantegi zaharraren eremua eraberrituko du. 2022an Rotobasque enpresa kokatuko da bertan, 4.0 industriagaz zerikusia duen proiektu berritzailea garatzeko.
Muxikako Inama lantegi zaharra birgaituko du Sprilur lurzoruaren kudeaketako sozietatie publikoak. Horretarako 18 milioi euro inbertituko ditu Urdaibain, eta gaur egun erabiltzen ez diren 60.000 metro koadroko lurzoru eta instalazioak lehengoratuko ditu; Eusko Jaurlaritzaren azpiegiturentzako Ezohiko Funtsak baliatu ditu horretarako.
2022an Rotobasque enpresa kokatuko da bertan, eta 4.0 industriagaz zerikusia duen proiektu berritzailea garatuko du. Epe ertainean, bigarren proiektu bat abiaraziko du, ekonomia zirkularrari lotuta dagoena eta “inguruko industria eta jasangarritasuna bultzatzea” helburu duena.
Eskualdearen dinamizazioa bultzatzeko asmoz erosiko ditu Sprilurrek Inama lantegi zaharraren istalazioak: “Urdaibaik industria sarearen deskapitalizazio handia jasan du azken hamarkadetan, eta eskualdearen dinamizazioa bultzatzeko asmoz, Sprilurrek Inama lantegiaren isntalazioak erosiko ditu”. Han kokatutako eraikina zaharberritu eta birgaituko dute. Halaber, konektagarritasun azpiegiturak eta banda zabaleko sarerako sarbidea izango du instalazio berriak. Diotenez, aurreikusitako 18 milioi euroko inbertsioak zuzeneko “ehun lanpostu” inguru sortuko ditu datozen urteetan, eta horiek zuzenean erlazionatuta egongo dira jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin.
Jarduera hori ingurunearekin “primeran” integratzen dela adierazi dute, “Urdaibaik berezkoa duen ingurumen aberastasun bereziagatik”.
Rotobasque oinarri teknologikoko enpresa bat da, errotaziozko moldeaketa bidezko plastikoen eraldaketan espezializatua, eta 4.0 industriako proiektuak garatuko ditu Muxikan. Udalerrian ekimen berritzaile bat ezartzeak eta Inama bezalako espazio bat zaharberritzeak eskualdeari “proiekzio ekonomiko eta soziala” ematen dizkiola adierazi dute arduradunek, “garapen jasangarriaren inguruko plan, jarduera eta helburuak inoiz baino garrantzitsuagoak diren honetan”.
“Inbertsio estrategikoa”.
Zehaztu dutenez, Sprilurrek Urdaibaiko lurzorua eta instalazioak birgaitzeko gauzatuko duen inbertsio plana integratuta dago Eusko Jaurlaritzak onartu dituen ildo estrategikoetan eta ezohiko inbertsioetan.
Zentzu horretan, taldeak aurreikusi dituen jarduera eta proiektuetan lehentasunezko helburuak dira espazioak, zerbitzuak eta azpiegiturak eskaintzea industria jarduera bermatzeko eta hazkunde ekonomiko jasangarri eta inklusibo sustatzeko; baita industria zoruak hobetzea, erabiltzen ez diren lur arloak eraberrituz, birgaituz, deskontaminatuz eta berreskuratiz. Plan Estrategiko berria definitzeko orduan, Sprilur Taldeak txertatu egin ditu Garapen Jasangarriko Helburuetan aurreikusitako zortzi jarduera-ildoak, Euskadi 2030 Agendan proposatutako helburuak lortzeko eta, era berean, giza garapeneko ekintza plan global eta jasangarria ahalbidetzeko.
Jarduera estrategiko horiek martxan jartzeko, Sprilur Taldeak oinarritzat hartu ditu Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko Plana eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu programa. Eskura izango ditu, baita ere, ‘Euskadi Next’ izeneko 2021-2026 Berreskuratze eta Erresilientzia Programako funtsak. Horren helburua da industria lurzorua lehengoratzea, zaharkituta dauden eraikinak zaharberritzea eta babesa ematea proiektu estrategiko berritzaile eta jasangarrien sorkuntzari.