Gabonetan herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko apustua
Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu enpresen Elkarteak Gabonetarako egitarau zabala antolatu du, erosketak herriko merkataritza establezimenduetan egitea bultzatzeko.
Gabonetako erosketak herriko merkataritza establezimenduetan egitea bultzatzeko asmoz, udalagaz elkarlanean, Gabonetarako egitarau zabala antolatu du Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu enpresen Elkarteak (GME). Helburua udalerrian poza eta ilusioa sortzea da, udalerriko kaleak giro eta ekintza desberdinez betez. Jarduerak abenduaren 3tik urtarrilaren 6ra bitartean egingo dira eta udalerriko zein eskualdeko bizilagunei eta bisitariei zuzenduta daude.
GMEk bultzatutako ekintza horiek egiteko, 40.000 euroko aurrekontua erabiliko du udalak. Izan ere, elkarlanean eta koordinatuta antolatu dute aire zabalean gozatzeko programa. Gaizka Muniategi Gernikako Merkatari Elkartuen presidenteak dio Gabonetako kanpainaren helburua dela herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea: “Gabonetan garrantzitsua da ilusioa sortzea, familia eta aisaldi giro maitagarri eta beroan murgiltzea. Bizi izan dugun pandemia egoera pizgarria da udalerriko kaleei argia eta giroa emateko. Helburu hori betetzeko garrantzitsua da ideiak eta ahaleginak batzea, elkarregaz urrunago ailegatuko garelako. Horregatik koordinazioan eta lankidetzan lan egingo dugu udalak eta elkarteak, aurreko beste ekimen eta kanpaina batzuetan egin bezala”.
Udalerriko merkatari eta ostalarien elkarteak udalerriko ostalari eta merkatariekin “harreman estua” daukala erakutsiko dute programagaz: “Programak agerian uzten du herriko merkataritza eta ostalaritzagaz zein udalagaz elkarteak daukan inplikazioa; izan ere, jarduera programa honek kaleak alaituko ditu eta Gabonetako erosketak sustatuko ditu herrian”.
Kanpainagaz udalerriko merkatari eta ostalarien eskaintzaren kalitatea nabarmendu gura dute, xehetasunez apaindutako erakusleihoekin, Gernikako giro dinamikoaren espiritua zabalduz eta Gabonetako erosketak animatzeko adin guztietara bideratutako jarduerekin. “Uste dugu hau dela Gernika-Lumo herri bizi eta erresilientea dela erakusteko modurik onena, egoera txarretan erreakzionatzeko eta aurpegi ona jartzeko gai dena”, adierazi du Muniategik. Hori esanda, Gernika-Lumo bizitzeko herri atsegina eta erakargarria dela adierazi du, eta erosketak egiteko eta aisialdiz gozatzeko sekulako aukera dela gehitu, “bereziki Gabonetan”.
Aire zabaleko egitaraua. Kaleak hartuko dituen egitaraua prestatu dute horretarako. Hori horrela, animazio musikalaz girotuko dituzte gune desberdinak: San Kristobal, Errenteria, Picasso kalea, Industria kalea, eta San Juan Ibarra. Merkataritza ordutegian musikatuko dituzte gune horiek. “Helburua Gernika-Lumo gune lagunkoi eta erosoa bihurtzea da”.
Gabonetan ohikoa izaten den bezala, herriko kaleak apaingarriez bete ditu udalak. Hori nahikoa ez eta, Gernikako Merkatari Elkartuek Bosgarren Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute. Elkarteko establezimenduei euren erakusleihoak Gabonetako apaingarriez edertzeko deia egin diete. Lehiaketa Gernika-Lumoko mota guztietako merkataritzako enpresei zuzenduta dago, baita ile-apaintzaileei, estetika establezimenduei zein ostalaritza bezalako zerbitzu enpresei ere.
Erakusleiho lehiaketak “oso harrera ona” izaten du udalerriko enpresen artean, eta parte hartzeko interesa urtero areagotzen dela zehaztu dute. Gaur gaurkoz, 100 establezimenduk eman dute izena lehiaketan. Guztira, hiru sari emango dituzte erosketa txarteletan, Gernika-Lumoko saltokietan trukatu ahalko direnak; irabazleak 1.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 700 eta hirugarrenak 400. “Gernika-Lumoko merkataritza sarea osatzen duten enpresen arteko lankidetza sustatzeko, eta sektorean lan egiten duten eta herriko merkataritza dinamizatzen duten pertsonen arteko harremanak estutzeko”.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeagaz elkarlanean gainera, GMEk umeei zuzendutako Marrazki Lehiaketaren hamargarren ediziorako deialdia egin du; urtero 300 ume inguruk parte hartzen dute jarduera honetan. Herriko umeek aurkeztutako lanak udalerriko kaleetan egongo dira ikusgai, “txikienek Gabonei buruz duten ikuspegia jasotzeko”. Lehiaketa honetan ere, erosketa txartel formatuko hiru sari emango dituzte herriko dendetan erabiltzeko: “Txikienei herriko merkataritza baloratzen laguntzeko eta herriko establezimenduetan erosketak egiteko ohitura sortzeko”. Lehen sarituak 50 euro jasoko ditu txartelean, bigarrenak 30 euro eta hirugarrenak 20 euro. Irabazle guztiek, gainera, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak antolatutako haurrentzako ikuskizun baterako sarrerak jasoko dituzte, “kultura mundura hurbiltzeko eta Gernika-Lumon antolatutako kultur eskaintza zabalaz gozatzera animatzeko”.
Identitatea. Aurten, bigarren urtez jarraian, GMEn kide diren establezimenduek opari paper bera erabiliko dute, Gernikako merkataritza identifikatu eta batasun eta kohesio irudia eman asmoz. Helburua da elkarteko establezimenduetako opari guztiek kolore bera izatea, horrela kolektibo bateko kide izatearen sentimendua eta herriaren harrotasuna transmitituko dute. Ekintza horregaz, merkataritzaren esker on kolektiboa helarazi gura diete bezeroei, haien fideltasuna sustatzeaz gain. “Izan ere, identitatea transmititzeko modu estetikoa da, eta batasun eta kohesio mezua ematen du”.
Horrez gainera, GMEk herriko merkataritza sustatzeko kanpaina jarriko du matxan: 20 pankarta baino gehiago arriko ditu, udalaren logotipoagaz eta GMEren irudi berriagaz. “Tokiko merkataritzan erosketak merkatariari mesede egiteaz gain, kontsumitzailearentzat eta Gernika-Lumorentzat be aukera ona dela erakusteko balioko du”.
Egitaraua:
Abenduaren 3tik 19ra. San Juan Ibarran Barraka eta Gaztelu puzgarriak jarriko dira. Asteburuetan eta jai egunetan 11:30etik 15:30era bitartean, eta 16:30etik 22:00etara bitartean. Lan egunetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara egongo dira erabilgarri. Herrian kontsumitzen duten pertsonek deskontuak izango dituzte – –.
Abenduaren 11n. 13:30etik aurrera, Gazte Leku Fandarrea taldea Industria eta Picasso kaleetan.
Abenduaren 18an. 20:00etan Afrikako erritmoak Kawadeni afrikar perkusioagaz Industria, Picasso eta Juabn Calzada kaleetan.
Abenduaren 23an. 13:00etatik aurrera, Arrapaladan taldeagaz trikipoteoa San Juan Ibarran. 17:00etan Xaiborren ikuskizuna San Kristobalen.
Abenduaren 30ean. 13:00etatik aurrera, Arrapaladan taldeagaz trikipoteoa San Kristobalean. 18:30etik aurrera Xaibor San Juan Ibarran.
Abenduaren 22tik urtarrilaren 5era. San Juan Ibarra gunea Gabonetako protagonista izango da 18:00etatik 19:30era. Umeen Parkea jarriko dute bertan, eta haurrentzako tailerrak, eskulanak, ipuin kontalariak, puzgarriak, pizza egiteko tailerrak… egongo dira. Baita doako txokolatada abenduaren 22an.