Malosten erabakiko da kanporaketa
Lointek Gernika Bizkaiak 75-58 galdu du Roche Vendeeren aurka Eurokopako bosgarren jardunaldian. Gernikak bi garaipen ditu Eurokopan, eta garaipen bat gutxiago dute Virtus Bolognak eta Flammes Carolok; horiek gaur jokatuko dute elkarren aurka. Talde gernikarrak Flammesen kontra jokatuko du eguazten iluntzean [abenduak 1], Malosten.
Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan du Roche Vendee gainditu Eurokoparen bosgarren jardunaldian: 75-58 galdu du etxetik kanpo. Talde sendoa izan du aurrean, multzoko talderik indartsuena, Eurokopako norgehiagoka guztiak irabazi dituena. Eta talde gernikarrak ezin izan du garaipena eskuratu.
Hala, Gernikak bi garaipen ditu Malosten lehiatuko den azkeneko partidaren zain. Garaipen bat gutxiago dute Virtus Bolognak eta Flammes Carolok, baina bi horiek gaur jokatuko dute elkarren aurka, Italian. Beraz, lehia horri begira egongo da Gernika. Azken partidan, Flammes hartuko dute Malosten; eguaztenean [abenduak 1] jokatuko dute, 20:00etatik aurrera.
Konfiantzarik barik atera ziren kantxara Gernikakoak, eta zalantzaz betetako lehen minutuak igaro ondoren, markagailua parekatzea lortu zuten. Hala ere, erabakigarria izan zen bigarren laurdenean talde gernikarrekoek galdu zuten 19-0ko partziala; zortzi minututan ez zuen punturik sartu Mario Lopezen taldeak. Ez zuten zorterik izan talde gernikarrekoek, 6,75eko marratik egindako 17 jaurtiketetatik bakarra asmatu baitzuten partidu osoan; lehenengo bi laurdenetan zazpitik bat ere ez zuten saskiratu. Hala, 37-23ko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira.
“Lehen bi laurdenak oso txarrak izan dira. Hobetu dugun une bakarra izan dugu, Ana Suarez Roche Vendeeko jokalaria pistan ez zegoenean. Berriro itzuli denean 12-2ko partziala jaso dugu. Eta desabantaila handiarekin joan gara atsedenaldira”, adierazi du Mario Lopez Gernikako entrenatzaileak.
Hirugarren laurdenean defentsa sendotu zuen talde gernikarrak, zonakakoa eta banakakoa txandakatuz. Erasoan ere hobetu egin zuten, baina ez zuten asmatzen. Eta frantziarrek puntuak gehitzen jarraitzen zuten. Ornella Bankolek eta Kaleena Lewisek 15 puntu eta 11 puntu pilatu zituzten, hurrenez hurren. Belen Arrojo zen frantziarren uztaian saskiratzea lortu zuen bakarrenetakoa. 16 puntu eta 6 errebote hartu zituen granadarrak, erasoan gero eta ardura gehiago hartuz. Hala ere, 58-35eko markagailuagaz amaitu zuten tartea. Ildo beretik jarraitu zuen azken laurdenak. Talde gernikarreko jokalariak saiatu ziren markagailuko tartea murrizten, sailkapenean puntu bakoitzak daukan garrantziaren jakitun. Hala, frantziarretatik 17 puntura geratu ziren, 75 eta 58.