33. Ipuin Lehiaketa martxan dago Muxikako udalerrian
ipuinak aurkezteko azken eguna da abenduaren 17a; eguna heldu bitartean, 16:00etatik 20:00etara aurkeztu ahalko dira kontakizunak udal liburutegian.
Adin guztiei zuzendutako 33. Ipuin Lehiaketa martxan jarri dute Muxika, Ibarruri eta Gorozikan. Sormena bultzatzea helburu duen lehiaketan ipuinak aurkezteko azken eguna da abenduaren 17a; eguna heldu bitartean, 16:00etatik 20:00etara aurkeztu ahalko dira kontakizunak.
Ohi legez, bost mailatan banatuta parte hartuko dute: A mailan 7 urtera artekoak egongo dira; B mailan 8 eta 9 urte bitartekoak; D mailan 10 eta 11 urtekoak; E mailan 12 eta 14 urtekoak eta F mailan, berriz, 15 urtetik gorakoak. Betiere, Muxikakoak izan beharko dira parte hartzaileak.
Denek ala denek euskara hutsean idatzita aurkeztu beharko dituzte lanak, word formatuan, eta gehienez hamar orritakoak. Edozein izan ahalko da gaia; hala ere, sormena, irudimena eta itxura hartuko du kontuan epaimahaiak.
Ipuina udal liburutegira eroan beharko da, USB batean edota liburutegia.muxika@bizkaia.org helbide elektronikora bidali beharko da abenduaren 17rako. Lanak aurkezteko orduan, parte hartzaileak ez ditu bere izen-abizenak ipuinean jarri behar; hala ere, adina zehaztu beharko du.
Maila bakoitzean hiru sari egongo dira, eta urtero legez, liburuxka batean argitaratuko dituzte saritutakoak. Halaber, Muxikako Udaleko weborrian argitaratuko direla aurreratu dute antolatzaileek.