Busturialdeko hamar herri gune gorrian daude
Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Muxika eta Sukarrieta dira 150eko intzidentzia tasa gainditzen duten eskualdeko herriak. Azken lau egunetan 54 positibo erregistratu dituzte eskualdean; eta Busturialdeko bi udalerri handienetan azken zazpi egunetan 41 eta 28 kasu positibo zenbatu dituzte, hurrenez hurren.
150eko intzidentzia tasa gainditzen duten herri guztiak gune gorrian sartzea erabaki zuen duela astebete Eusko Jaurlaritzak, eta gaur gaurkoz, hamar dira gune gorrian dauden Busturialdeko herriak: Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Muxika eta Sukarrieta. Izan ere, azken lau egunetan 54 positibo erregistratu dituzte eskualdean.
Eguenean sei ziren 150eko intzidentzia gainditzen zutenak –Bermeo, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz Arteaga, Mendata, Sukarrieta–, eta gune laranjan zeuden Mundaka eta Muxika ere gune gorrian sartu dira gaur. Horiez gain, positibo bana zenbatuta, Ereño eta Kortezubik gainditu dute 150eko intzidentzia tasa.
Bermeok 354,82ko intzidentzia-tasa dauka; azken lau egunotan 28 positibo zenbatu dituzte kostako herrian. Gernika-Lumok, berriz, 321,28ko tasa dauka, azken lau egunetan 18 positibo egon baitira udalerrian. Busturialdeko bi udalerri handienetan azken zazpi egunetan 41 eta 28 kasu positibo zenbatu dituzte, hurrenez hurren.
Eremu gorrian dauden Busturialdeko zortzi herri txikiei erreparatuta, intzidentzia tasarik handiena dauka Mendatak: 987,65ko intzidentzia tasa. Azken lau egunetan COVID-19aren bi kasu positibo zenbatu dituzte bertan, hiru azken zazpi egunak kontutan hartuta. Azken astean bi posibo erregistratu dituzte, berriz, Sukarrietan, eta 598,80ko intzidentzia tasa dauka kostako herri txikiak; azken lau egunetan positibo bakarra zenbatu dute bertan.
Mundaka eta Muxika gune laranjan egotetik gune gorrian egotera igaro dira, azken lau egunetan positibo kasu berriak erregistratu baitituzte herri horietan; bi zenbatu dituzte Mundakan eta bakarra Muxikan. Hori horrela, 217,04ko tasa dauka Mundakak, eta 200,67koa Muxikak.
Ereñok eta Kortezubik kasu positibo bana izan dute azken zazpi egunetan, baina 150eko intzidentzia tasa gainditu dute; 362,32ko tasa dauka Ereñok era 226,24koa Kortezubik.
Foruan eta Gautegiz Arteagan ez da positiborik egon azken lau egunetan, ezta azken astean ere, baina gune gorrian jarraitzen dute, intzidentzia tasa azken 14 egunetako positibo kopuruaren arabera neurtzen baita. Hala, 331,86ko intzidentzia tasa izaten jarraitzen du Foruak eta 354,19koa Gautegiz Arteagak.