Ullako herri basoan zulaketa lanak egingo dituzte
Eako Basokideak taldekoek bihar goizerako ipini dute hitzordua. Landaketa abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo dute.
Aurten Ean sortu duten Basokideak taldekoek Ullako herri basoa bertoko espezieekin birlandatu gura dute, eta hori egin aurretik, zulaketa lanak egiteko deialdia zabaldu dute. Bihar [azaroak 20] profesionalen laguntzagaz egingo dituzte lanok. 08:30ean Eako aparkalekuan elkartu eta ibilgailuetan joango dira baso ingurura.
Auzolanean parte hartzera doazenei erremintak, eskularruak, hamaiketakoa eta edaria eroateko eskatu diete.
Landaketa, berriz, abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo dutela jakinarazi dute.
Basokideakeko kideek bertako landareak landatuz, Eako basoak lehengoratzea dute helburu. Natura kontserbatzea eta udalerriko paisaia zaintzea lortu nahi dute, “ingurune iraunkorragoa sortuz”, eta herritarrak kontzientziatzen eta udalerriko ingurumena “hobetzen eta kontserbatzen” lagundu nahi dute.